Plataforma gehiagok partekatutako kontuen erabilera mugatu lezakete

Plataforma gehiagok partekatutako kontuen erabilera mugatu lezakete HBO Max eta Disney + streaming plataformek Netflix-ek irekitako bidea jarraitu lezakete. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/plataforma-gehiagok-partekatutako-kontuen-erabilera-mugatu-lezakete/@@download/image/hombre-viendo-su-pelicula-favorita-tableta.jpg
2023/06/29

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

HBO Max eta Disney + streaming plataformek Netflix-ek irekitako bidea jarraitu lezakete.
Plataforma gehiagok partekatutako kontuen erabilera mugatu lezakete

Orain dela hilabete batzuk Netflix-ek kontu partekatuei muga jarri zien. Neurria ez zen begi onez ikusia izan, baina bitxiki, erakundeak nahi zuen eragina izaten ari dela dirudi. Antenna aholkularitzaren datuen arabera streaming plataforma ezagunean jende gehiagok eman du izena neurriaren ostean. 

Honenbestez, gustura ez dauden erabiltzaileen eragina ez du ia nabaritu, harpidedun kopurua hazi egin baita. Plataformarentzat berri onak dira eta honek Netflix-en arerioak animatu litzake antzeko neurriak hartzera. 

Netflix-ek Espaniako Estatua aukeratu zuen, beste estatu gutxi batzuekin batera, bere neurriak lehenengoz aplikatzeko. Otsaila hasieran izan zen eta bajak berehala iritsi ziren. GECA barometroaren (2023ko maiatza) arabera, Netflix erabiltzaileen % 66k baja eman zuen kontuak ezin zituztelako partekatu, % 22,4k berriz, aurrezteko helburuz utzi zion Netflix-eko bezero izateari. 

Neurriak, ordea, harpidetza berriak sustatu zituen, eta oinarrizko eskaintza, iragarkiak barne hartzen dituena, izan zen erabiltzaile berriek gehien aukeratu zuten eskaintza. Erabiltzaile berrietatik % 13,2k onartu zuen harpidetu egin zela aurretik zuten
 pasahitza norbaitek utzia edo partekatua zelako. 

Netflix-i estrategia ondo atera zaionez, diru-sarrera beharrean dauden beste plataformek bide bera hartu lezakete. Estrategia hau jarraitzeko aukera gehien duten plataformak HBO Max eta Disney+ dira. Bi zerbitzuek katalogo nahikoa indartsua dute, eta polemika sortuko duten erabakiak badira ere, euren bezeroen soka tenkatzeko aukera dute, prezioak igoz edo edukia kenduz. 

Beste plataformak batzuk ordea, ez dute, ziurrenik, horrelako neurririk hartuko, etorkizun hurbil batean bederen. Horien artean lehena AppleTV+ litzateke. Oraindik bere lekua bilatzen ari den zerbitzua denez, lehendabizi bere edukien eskaintza zabaldu behar du. Gainera, erakundearen negozioaren funtsa ez da streaming-a, eta beraz, oraingoz ez du inongo presarik partekatutako kontuak mugatzeko. Prime Video plataformak ere ez du presa berezirik. Honen negozioa Prime ekosistemaren barnean dago, eta Prime Video bezeroa Amazonen parte izateko sari bat baino ez da erakundearentzat.