Plastikozko poltsen kontrako borroka

Bartzelonatik plastikozko poltsen kontrako borrokari buruzko beste albiste bat etorri zaigu. Joan den hilean Txinan hartutako neurrien berri eman genizuen, eta orain, Kataluniako ekimen batekin gatoz. Izan ere, Bon Preu supermerkatu kateak bi xentimo emango dizkio bezero bakoitzari, hamar euroko erosketako, ez badu plastikozko poltsarik hartzen. Kataluniako Generalitateak eta Bon Preuk hitzarmena sinatu dute egitasmoa gauzatzeko, eta hari esker, poltsa kontsumoa %20 murriztea espero du supermerkatu kateak. Bon Preuk plastikozko 51 milioi poltsa banatu ohi ditu urtean; Katalunia osoko denda eta supermerkatu guztien artean, 500 milioi baino gehiago.