PLASTIKOZKO POLTSAN ABANDONATUTAKO HAURRA ERRESKATATU DU TXAKUR BATEK

Kale txakur bat janari bila zebilela zakar artean abandonatutako haur bat aurkitu zuen Keniako baso baten ertzean. Bi aldiz pentsatu gabe, txakurrak bere txakurkumeengana eraman zuen testiguek diotenez. Kale txakurrak Nairobi hiriko bide nagusi batetik eta arantzadun alanbreetatik hurbil eraman zuen umea Nairobiko auzo txirorenetako Ngong basoaren ertzera.
Txakurrak plastikozko poltsa baten barnean aurkitu zuen umea eta ez dago argi nola lortu duen bizirautea poltsa barruan ito gabe. Inguruko bizilagun batek aurkitu zuen umea txakurkumeen artean umearen marru hotsei jarraituz.
Medikuek esan dutenez txakurrak umea aurkitu baino egun batzuk lehenago izan zen abandonatua. Umea egun Kenyatta Ospitalean dago eta oraindik ez du inork neskatoaz galdegin. Halere 3.3 kiloko haurra onik dago eta ongi erantzuten dio tratamenduari.
Zoritxarrez oso ohikoa da Kenian nahi ez diren umeak abandonatzea, batzuetan putzuetara botatzeraino iristen dira. Txirotasunak eta harreman hautsiak izan ohi dira abandonatzearen arrazoiak. Gainera, Keniako sistema polizial eta gizarte-segurantza ahulagatik euren haurrak abandonatzen dituzten pertsona gehienak ez dira harrapatuak izaten.
Abandonatzen diren haurrak Kenyattako Ospitalera eramaten dira publikoa delako. Haur honen historia bereziagatik pertsona askok pixoihalak eta arropak eman dituzte, baina Keniako haur abandonatu guztiek ez dute zorte berdina tamalez.