Planeta eta zure osasuna zaindu nahi dituzu? Hau jan behar duzu

Planeta eta zure osasuna zaindu nahi dituzu? Hau jan behar duzu Dieta perfektua? Biziraupena bermatuko duena! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/planeta-eta-zure-osasuna-zaindu-nahi-dituzu-hau-jan-behar-duzu/@@download/image/17q5zguhaxgofjpg.jpg
2019/01/18
berria
Dieta perfektua? Biziraupena bermatuko duena!
Planeta eta zure osasuna zaindu nahi dituzu? Hau jan behar duzu

Planeta salbatzeak zure osasunaren egoerak bezain beste kezkatzen zaitu? Orduan, komeni zaizun dieta topatu dugu. Ez du mirakulurik egiten, baina luze biziraun nahi badugu, bai norbanako moduan eta baita espezie bezala ere, guztiz beharrezkoa da elikadura ohiturak aldatzen hastea. Etsaiak bi dira; haragi gorria eta azukrea.

Aurten dagoeneko sagardotegi denboraldirako zitatua bazaude beraz, bi aldiz pentsatu: eta aurten menu begetarianoa eskatzen baduzu? Ez gara ari esajeratzen ari; The Lancet aldizkari zientifikoak argitaratu duenez, elikaduran aldaketa drastikoak egiten hasi behar gara 11 milioi heriotza goiztiar ekidin eta hondamendi naturalak ekidin nahi baditugu.

Eta zergatik haragi gorria eta azukrea? Arazoa abeltzaintza sektorearen makro industrian datza; horrenbeste ekoizten denez, dioxido karbono kopuru izugarriak aireratzen ditu sektore honek, nitrogeno eta fosforo kutsadura kopuru erraldoiak eraginez. Gainera, ur eta lur erreserbak agortzen ditu. Hitz gutxitan; egungo ekoizpen sistema erabat jasangaitza da Lurrarentzat. Arazo hau II. Mundu Gerrarekin hasi zen, eta dagoeneko berandu goaz konponbide bat emateko. Hala, ikerketa egin duten adituen esanetan, etorkizunean Lurra mantendu eta gure osasuna babestu nahi badugu, ez genuke astean hanburgesa txiki baten tamainako haragi kopurua baino gehiago jan beharko. Eta azukreari dagokionez, aurretik prestatutako produktuen kontsumoa ia 0-ra murriztu beharko genuke. Gai izango ote gara?

HARAGIA, SOILIK EGUN BEREZIETARAKO

Ez da txantxetarako; obesitateak eta dieta okerrak eragindako bestelako gaixotasunek dagoeneko heriotza kopuru izugarria eragiten dute. Adituek diotenez, ohiturak aldatu behar ditugu, arraina, barazkiak, frutak eta fruitu lehorrak gure egunerokotasunaren parte bilakatuz. Argumentu hauek konbentzitu ez bazaituzte, jakin egun 7.000 milioi biztanle garela Lurrean, eta 2050erako 10.000 milioi espero direla. Egungo elikadura ohiturekin, ezinezkoa izango da guztiok elikatzea... eta orain, aldatzeko prest?