Planei uko egiteagatik errudun sentitu

Etengabe errepikatu digute distantzia sozialaren eta talde bilerak mugatzearen garrantzia, eta zentzu guztia dauka gomendioak; geroz eta jende gutxiagorekin kontaktuan egon, orduan eta arrisku txikiagoa COVID-19arekin kutsatzeko, bai gu, eta baita gure ingurukoak ere. Uneren batean positibo ematen badugu –eta estatistikei erreparatuta ia guztiok igaroko gara birusa pasatzetik edo birusa izan duen gertuko kontaktu batengatik– kutsatuak izateko aukera dutenen zerrenda ahalik eta txikiena izatea da distantzia sozialaren helburu nagusia. Guztion hobe beharrez.
Baina animalia sozialak garen heinean, arau arrazional horiek hilabete luzez jarraitzea ez da horren erraza izaten ari. Gauzak horrela, udan ahal bezainbeste elkartu gara familia eta gertukoekin, tabernak eta terrazak ordu luzez okupatu ditugu, bazkari eta afariak antolatu dira, bizitza ospatu eta heriotza agurtu dira, kuadrillek planak egin dituzte... baina beharbada goizegi animatu gara, eta bestela adi datuei; kutsatzeen %31 familia bileretan eta tabernetan gertatu dira. Nola edo hala, distantzietara itzultzeko unea iritsi zaigu, denon osasuna zaintze aldera.
Tarte horretan, badira distantziak mantentzen jarraitu dutenak, arrazoi askorengatik; gaixo dagoen gertuko bat zaintzea, helduak babestea, norbera eta ingurukoak arriskuan jartzea ekiditea... eta ez zaie erraza izan. Presio sozialak gaizki sentiarazi izan die planei ezezkoa eman dietenean, maskara kentzeari uko egin diotenean edota leku itxietan sartzeko prest agertu ez direnean. Gauzak horrela, planei ezetz esan dietenek lagunak edo adiskideak galtzeko eta harremanak hozteko beldurra sentitu dute; bideo-deiek eta sare sozialek aldi baterako ordezkatu dute kontaktu soziala, baina aurrez aurrekoa ezinbestekoa dugu konexioak guztiz ez galtzeko.
Lagun zirkuluak galtzeko edo harremanak hozteko beldur horrek nahi ez genituen planak egitera eraman gaituzte beharbada, osasuna zaintzeko arauak hausteraino; baina planei ezetz esateak ez luke inolaz ere ez lagunak galtzeko arriskura eraman behar. Hala bada, laguntasunak errebisatzeko garaia izan daiteke; hain zuzen, pandemia garaia une egokia izan da benetako laguntasunak eta harremanak deskubritzeko.
BAKARDADEAREN AROA
Bestalde, pandemiak bakardadea zorroztu du kasu askotan; lagun talde eskasak zituztenentzat garai zailak dira lagun berriak egiteko, taldeak inoiz baino gehiago itxi direlako. Zentzu horretan, sare sozialak salbazioa izan dira askorentzat, ez bakarrik ligatzeko, harreman berriak eraikitzeko ere. Argi dagoena zera da; pandemia honetatik soilik laguntasun harreman indartsuak aterako dira bizirik.