Piztu musikaren motorrak!

Piztu musikaren motorrak! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/piztu-musikaren-motorrak/@@download/image/9p18-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Piztu musikaren motorrak!


Talde batentzat, festetan jo eta su aritzeko, ez dago disko argitaratu berria izatea bezalakorik. Aurten asko dira horrelakoak: Pottor´s iruñearrak, Skalariak gasteiztarrak, Hira eta Utikan donostiarrak, Triki ta Ke eta M-Ezten trikitilariak, Non Demontre, Parasma, LIF, Iñigo Muguruzaren Sagarroi proiektu berria, Hemendik At, Txapel-punk, Sen… zalantzarik gabe guztiok gelditu gabe ibiliko dira aurten. Talde hauez gain betiko "klasikoak" daude, bai rockean baita dantzaldietan ere. Horien artean ditugu, esaterako, abuztuan eta uztailean ia bi egunean behin emanaldiren bat duten Alaitz eta Maider, edota udan, batez beste, 40 bat kontzertu eman ohi dituen Gozategi.
Beste hainbeste esan daiteke udan "klasiko" bihurtutako Su Ta Gar taldeaz ere. Eibartarrek oso gutxitan eman ohi dituzte 20-25 kontzertu baino gutxiago. La Polla ere talde honetan sar daiteke.
Aurten udan oso indartsu ibiliko diren taldeen artean, bestalde, Marea nafarrak ditugu, Euskal Herrian ezezik, Espainian ere kontzertu asko ematekoak.

Nolako gunea, halako izena



Ez da txantxetako kontua, hizkuntzalariek aztertzeko moduko gaia baizik. Izan ere, taldeen izenei erreparaztu gero, erraz jakin daiteke zein festa-gunetan joko duten.  
• Adibidez, herri euskaldunetako ohiko dantzaldietara jotzen baldin baduzu, Auñamendi entziklopediatik atereak diruditen izenak topatuko dituzu: Izotz, Arkaitz, Lisker, Larraitz, Eguzki, Sorbeltz, Basajaun, Laiotz, Iratxo, Egan, Akelarre…
• Hego Euskal Herriko inguru ez hain euskaldunetako plazetan, aldiz, gaztelerazko izen jostalariak izan ohi dira nagusi: Indiana, Agua Dulce, Kentucky Show, Eclipse, Placton…
• Eta txosnetan? Izen borrokalariak dira nagusi, gurasoak kezkarazteko modukoak: Kaos Etiliko, Kañeria 13, Zartateko, Hechos Contra el Decoro, Etsaiak, Anestesia, Utikan, Buitraker,  Berri Txarrak…

Udako kantuak



Urtero izaten da bazter guztietan entzuten den kanturen bat, jendearen animoak berotu eta tenperatura igoarazten duena.
• 1996 "Emoxtaxu muxutxue" (Gozategi). Zenbat lagun saiatu ote ziren neska edo mutiletan egiten abesti honen kontura?
• 1997 "Goazen" (Hemendik at). "Goazen… ikurriña askatzera"  zioen erritmo elektroniko hark aho bete hortz utzi gintuen. Alaitz eta Maider-en "Txanpon baten truke" ere ez zuten kentzen ditxosozko abestia!
• 1998 "La copa de la vida" (Ricky Martin). Urte hartako  Munduko Futbol Txapelketaren abesti ofizialak ederki ernearazi zituen Ipar Euskal Herriko gazteak! Frantziak txapelketa irabazi ondoren, bonbardaketa gupidagabea izan zen.
• 1999. ETBko "Jaiak" saioko musika gainetik ezin kendu ibili ginen.
• 2000 "Bomba" (King Africa). Bada oraindik ere orduan egindako “mugimendu sexy”ekin lotsatuta dabilenik...