Piztu META! programak hamabost kultura-proiektu sustatuko ditu Gipuzkoan

Piztu META! programak hamabost kultura-proiektu sustatuko ditu Gipuzkoan Proiektuak finantzatzeko crowdfunding kanpaina irailaren 29an hasiko da eta 70.000 euro erabiliko dira herritarren ekarpenak osatzeko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/piztu-meta-programak-hamabost-kultura-proiektu-sustatuko-ditu-gipuzkoan/@@download/image/03c47dfb-25ae-4728-9711-7314a717d464.png
2022/07/12

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Proiektuak finantzatzeko crowdfunding kanpaina irailaren 29an hasiko da eta 70.000 euro erabiliko dira herritarren ekarpenak osatzeko.
Piztu META! programak hamabost kultura-proiektu sustatuko ditu Gipuzkoan

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak eta Goteo Fundazioak Piztu META! programaren VII. edizioko hamabost kultur proiektuak hautatu dituzte. Film laburrak, txotxongilo-antzerkia, hiri-dantza, liburuak eta ipuin ilustratuak izango dira, besteak beste, mikromezenasgo bidez egingo den finantziazio-kanpaina honetan parte hartuko duten proposamenak. Proiektu horien sustatzaileek finantzaketa kolektiboari buruzko prestakuntza eta aholkularitza jasoko dute uztailaren 13tik irailaren 28ra, eta irailaren 29an hasiko dira kanpainak. Herritarrek kanpainan emandako euro bakoitzeko euro bat emango du Kultura Departamentuak, eta 70.000 euroko muga izango du programa osorako. 

Hauek dira programaren zazpigarren ediziorako aukeratu dituzten proiektuak:

  • Azken aukera - Ekoizpen-etxe independentea Nervio SL

    Ingurumen-krisi globala azaltzeko serie dokumentala izango da. Lehen istorioa Pasaiako portuan kokatuko da, Gipuzkoan. Ekosistema naturalen kolapsoaren aurrean, MATER, zurezko azken euskal bonitera handia, Itsasontzi Museo Ekoaktibo bihurtu da. Horrez gain, aditu eta zientzialari batzuen iritzia ere izango da, itsasoan mikroplastikoak egotearen errealitatea azaldu eta guztiontzat dituen ondorioak azaltzeko.

  • Pudente, Euskarazko lehen opera - Operaren Lagunen Donostiako Elkartea

    Lehenengo opera erabat euskaraz berreskuratu, berreraiki, irudikatu eta zabaltzeko proiektua da. Helburu nagusia operarekiko eta, oro har, lirikarekiko zaletasuna sustatzea da, eta Donostiako eta Gipuzkoa osoko biztanleen artean operaren ezagutza bultzatzea.

  • Bat - TᴉRÅꓭᴉЯÅ (reggae taldea)

    Bat proiektua reggae musikaren inguruko lan diskografikoa da, formatu fisiko berean bi disko izango dituena, jatorrizko musikarekin eta euskaraz. Lan honetan reggae erritmoan, gizabanakoaren eta kolektiboaren arteko borrokatik sortzen diren asmakizunak eta igurikimenak islatu nahi dira, "hausnarketa gizarte osoarentzat baliagarria izango delakoan".

  • Herrian Xaltoka - Xalto ta Brinko Animazio Elkartea

    Egileen hitzetan, "gure herriaren kultura, euskara eta ondarea transmititzeko proiektu fresko, dinamiko eta dibertigarria" da. Zabalkunde digitala eta presentziala uztartzen ditu; Xalto pailazoak astero bideo labur bat grabatu eta Youtube-ra igoko du, Lezoren erreferentziekin, 40 programa osatu arte (ikasturte bat), eta hori eskoletan, antzerkian, kalean eta abarretan zuzenean parte hartzearekin tartekatuko da, elkarreragina sustatzeko.
  • Saharako herriaren askatasunerako abestiak - Juan Soroeta / 44 kluba Kultur elkartea

    Espainiako Estatuko musikarien abestiak izango dira saharar herriaren autodeterminazioari laguntzeko. Egoera horren berri ematea da helburua, horretarako Espainiako estatu osoko musikariek hizkuntza ofizial guztietan (gaztelaniaz, euskaraz, katalanez eta galegoz) idatzitako abestien bidez.
  • GuÑun - Maider Gaztelumendi

    Integraziorako eta ikasteko gunea izango da, komunitate euskaldun eta senegaldarra ezagutzeko aukera izateaz gain, begiradak, ikusteko moduak, egiteko moduak eta sentitzeko moduak partekatzeko aukera emango duena. Proiektuaren sortzailearen hitzetan, "esperientzia erakargarria izango da euskaldunen eta senegaldarren artean loturak eta espazioak sortzeko".

  • Renous proiektua - Clara Virgili Flor

    Modaren industrian eta kontsumitzeko moduan "hain beharrezkoa den aldaketa" sustatuko du: "Egunero milaka eta milaka jantzi botatzen dira, kopuru handitan eta egoera txarrean ekoitziak, inolako gizarte eta ingurumen etikarik gabe. Jantzi horiei beste bizitza bat emateko sortu da proiektu hau".

  • Amapatxa. Amets bat, bide bat - Ion Brakamonte

    Amerikara bidaia bat egiteko asmoa dutenentzat gomendioen gida gisa erabiliko da Amapatxa liburua, euskaraz irakurtzeko helburuz.

  • Aiama - Lara Lopez Ansorena

    Ipuin ilustratua sortzeaz gain, beste helburu batzuk ere baditu proiektuak: alde batetik, "ama berrien haserrea agerian uzten duen materiala, anbibalentzia normalizatu eta ez estigmatizatzea", eta, bestetik, "egoera horiek igarotzea eta haurrekin partekatzea erraztuko dien baliabide bat ematea, dramatizatu gabe, behar duten espazioa emanez".

  • Nor - Xabi Salaberria Gonzalez

    Identitate sexualari eta transexualitateari buruzko liburua izango da, Bigarren Hezkuntzako gazteei zuzendua. Helburu nagusia "gogoetari leiho bat irekitzea" izango da, elkarrizketa filosofikoetarako abiapuntu gisa.

  • Kaixo Gilda! - Gilda Kultur Elkartea

    Kultur programa aktibo bat hartuko duen saioa izango da, arte plastikoei eta ikusizko arteei lotutako erakusketa eta tailerretan oinarritua. Horrela, Gros auzoan kultura eta sormena sustatu nahi dituzte. 

  •  U(da)KOAK - izpiak azala zuritzeraino - Ane Cuesta

    U(da)KOAK fikziozko bost film laburren multzoa da. Hala azaldu du proiektuaren bultzatzaileak: "Kritikatik eta udako beroarekin, bakoitzak ezezkoa ematen du. Azala altxatu arte. Euskaraz, uda hitzak udara esan nahi du, eta uko hitzak ezezkoa esan nahi du. Biak elkartzen badira, udako ukapenen antzeko zerbait gertatzen da. U(da)koak bi hitz horien batura da, eta bi kontzeptuak elkartuko dituzten bost istorio kontatzea du helburu".

  • Mitxoletak - Zuri guztiak ez dira irina - Mitxoletak

    Film labur hau ipuin baten kontrakoa izango da: distopikoa, ukaezina, desatsegina… betiko ipuinaren narratiba eta estetikaren giroan. "Nazkatuta gaude egia ezkutatu eta gezurrak esaten dituzten kontakizunekin. Gauzak ez direlako ez zuria ez beltza, horregatik, batetik ipuin baten edertasuna eta xalotasuna eta, bestetik, errealitatearen gordintasuna aprobetxatuz, Mitxoletak gure gris-eskala sortu du. Xarmak ezkutatutako ipuin gordina", azaldu dute.

  • El Elefantito - Miles Along

    Bi eta zazpi urte bitarteko haurrentzako txotxongilo-antzerkia da, familia osoari zuzendua. Sortzailearen hitzetan, "pertsonaien kalitateak, erabilitako materialek eta eszenaratzeak gogorarazten digute oso gutxirekin asko lor dezakegula eta horrekin hezten gaituela gaur egungo kontzeptuetan, hala nola zirkulartasunean eta jasangarritasunean, haur eta helduak erakarriko dituen istorio bat erabiliz".

  • NANAS para grandes. Handientzako ABESTI TTIKI - Julia~Cristina

    Etxeko mantren, eguneroko sehaska-kanten eta haiku song-en disko-bilduma izango da. Proiektuari buruz azaldu dutenez, "errazaren eta hurbilaren alde egiten du, letra eta musiketan, entzuketan, alde inkontziente eta emozionalean askatasun handiagoz ibiltzeko".