Pixar-en azken pelikulak hilekoaren tabuarekin hautsi du

Pixar-en azken pelikulak hilekoaren tabuarekin hautsi du Emakume batek zuzendua izan da "Turning Red" eta hilekoaren tabua hausteagatik zenbait kritikari deseroso sentiarazi ditu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/pixar-en-azken-pelikulak-hilekoaren-tabuarekin-hautsi-du/@@download/image/1366_2000.jpeg
2022/03/21

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Emakume batek zuzendua izan da "Turning Red" eta hilekoaren tabua hausteagatik zenbait kritikari deseroso sentiarazi ditu.
Pixar-en azken pelikulak hilekoaren tabuarekin hautsi du

Mei Mei goiz batean esnatzean ohartzen da panda gorri erraldoi bihurtu dela. Nahastuta eta haserre dago eraldaketa dela eta, batez ere gorputz osotik ugaritu zaion ileagatik eta bere besapeko usainagatik. Beranduago umore aldaketak datoz, emozioak pil-pilean, eta bere amari azaldu ezin dion mutilenganako erakarpena. Lotsaren aurrean, bere lehen bulkada, bainugelan ezkutatzea da. 

Nerabeen aldaketa hormonal, fisiko eta mentalen metafora hau islatzen du Pixar-en pelikula berriak, jada ikusgai dagoena Disney+ plataforman: Turning Red. Mei Mei, txinatar jatorriko familiako nerabea da istorio honen protagonista, baina benetako izarra hilekoa da. 

Ez da kasualitatea, izan ere emakume batek zuzendu duen lehengo Pixar-en pelikula da hau. Domee Shi-rekin batera, Julia Cho aritu da gidoilari, eta taldearen gehiengoa ere emakumeek osatu dute. Honela, lehengoz, Pixar-ek hilekoari buruzko film bat ekoitzi du. 

Aurrerapauso bat bada ere pelikula, ahots batzuentzat ohiz kanpokoa da dirudienez: "Pelikula honekin identifikatuta sentitu daitekeen publikoa oso zehatza da", adierazi du Sean Chandler-ek, zinema kritikak burutzen dituen Youtuber arrakastatsuak. Beste hainbat zine kritikarik ere antzeko adierazpenak egin dituzte esanez Pixarren pelikulak unibertsalak izan ohi direla, baina hau ez dela hala. 

Kontua da, munduko biztanleriaren erdiari eragiten dion gaia dela hilekoa, beraz, ez da horren gai zehatza ere, ezta? Pixarreko beste pelikulek memoria galdu duen arrainez dihardute, arratoi gourmetez edota robot malenkoniatsuez; eta oraingoan, ohiko neskatila bat protagonista duena, ez da normaltzat jotzen? 

Bada protagonista horri ahotsa jarri diona Sandra Oh (Killing Eve, Grey's Anatomy) izan da eta adierazi du berehalakoan onartu zuela proposamena. Hitz hauekin babestu du filma eraso matxista horien aurrean: Turning Red lotsatzeari buruzko pelikula da, emozio handien pelikula eta, bai, hilekoarena. Oso pozik nago honi buruzko pelikula bat egin delako. Iruditzen zait ez dela behar adina aipatzen, eta beraz, pubertaroari buruz diharduen pelikula bat oso garrantzitsua da niretzat".