Pitzadurarik gabeko pizzak

Igande arratsaldea. Bart parranda ederra egin duzu, berandu etxeratu eta orain jaiki berria zara. Zer bazkaldu behar duzu? No problem. Telefonoa hartu eta pizza bat eskatu.
Fast food edo janari azkarraren merkatuan, pizzak dira arrakastatsuenak gure artean, hanburgesa, oilasko edo ogitartekoen aurretik. Mundu osoan milaka eta milaka milioi dolar mugitzen dituzte pizza enpresek. Egia esan, pizzak goxoak izan ohi dira, zaila da pizza gustukoa ez duen gazterik aurkitzea. Baina, osasungarriak al dira?
Lehenik eta behin, pizza, gainerako jaki guztiak bezalaxe, ona izan daiteke neurrian hartuta. Kantitate egokia jatea da garrantzitsuena, pizzek koipe asko izaten dute eta. Beraz, kirolari batek astean hiru puxka jan ditzakeen bitartean, aulkitik altxatu ere egiten ez den norbaitek bakarra jan behar du. Pizzak zein osagai dituen ere kontuan hartu behar da: gazta, urdaiazpikoa edo hirugiharrea, adibidez, koipetsuagoak dira.
Bestalde, adituen esanetan, pizza bero-bero jan behar da. Etxera eramaten diren pizzak, esaterako, 300 gradutan izaten dituzte labean. Adituek diotenez, bakteriak hiltzeko biderik egokiena da. Beraz, enpresa batek etxera pizza bat garaiz eramanez gero, produktua osasungarriagoa dela bermatuko du.
Eta betiko eztabaida: etxean egindakoak, izoztuak ala etxera eramatekoak? Ez dago esaterik zeintzuk diren goxoagoak; badakizue, zenbat buru, hainbat aburu. Baina osasun aldetik ere zaila da esatea zeintzuk diren onenak. Batetik, argi dago pizza etxean bertan eginez gero, osagaien kalitatea hobeto kontrola daitekeela. Bestetik, adituen arabera, izoztutakoek elikagaien balio nutritiboa hobeto gordetzen dute. Etxera eramaten direnei dagokienez, azkenik, zein osagai dituzten aintzat hartu behar da.
Margarita erregina
Izoztutako pizzen artetik Margarita izenekoa da preziatuena. Ba al zenekien nola sortu zen pizza mota hau? 1889an egin zuten jatorrizko errezeta Italian, Saboiako Margarita erreginaren omenez. Zalantzarik gabe, Margarita da erregina.