Pio Baroja: Lainoaren Jauna

Pio Baroja: Lainoaren Jauna https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Pio Baroja: Lainoaren Jauna
1872an Donostian jaiotako idazle hau "Zalacaín el aventurero" bezalako liburu batekin ezagutu nuen lehenengoz, ikastolako derrigorrezko irakurketa "a priori" aspergarri horietako batean, ordura arte karlistadei buruz ezer ez nekiela. Aste Santuko egun gris eta euritsu batean, Barojak berak hainbeste atsegin zuen giroa, oharkabean irakurri nuen liburua, atsedenik hartu gabe. Hura ez zen ordura arteko liburuak bezalakoa, berezia eta aparta zen dudarik gabe. Geroztik, "Zalacaín" beti egon da nire haurtzaroko erreferentzien unibertsoan, horrek duen pisuarekin, Kortsario Beltza, Aragorn, Jim Hawkins edota D´Artagnan bezalako fikziozko pertsonaia hilezkorrekin.
Laino mundu bat nagusitzen da haren obran, bai paisaian, baita pertsonaien ariman ere. Kostaldeak eta mendiak lainoz estalirik daude ia beti eta gizakiak, berriz, borroka ikusezin bat garatzen du laino ilun eta ezezagun batetik ihes egiteko. Izan ere, Barojak bizitza bere naturaltasun osoan islatzeko ahaleginak egin zituen bere obran. Gai ezberdinak jorratu zituen eta, bere lanaren atalik handiena, trilogiatan sailkaturik dago "La lucha por la vida", "La raza", "Tierra vasca"eta abar. Bereziki erakargarriak iruditu zaizkit beti euskal jendea ardatz duten narrazioak. Betiere abentura klabean eta, Caro Barojak esaten zuen bezala, nobela historikoan baino, nobela nostalgikoan sustraiak hondoratuz. Eleberri itzel horietako batzuk aipatzearren besterik ez, zinez gogoangarriak dira, esaterako, "Las inquietudes de Shanti Handía", "La estrella del Capitán Chimista", "El mayorazgo de Labraz" edota "Jaun de Alzate".
Euskal Herriko izpiritua inork baino hobeto hauteman zuen Barojak. Haren obra irakurtzean zerbait berezia sentitzen da, inongo euskal idazlek transmititzea lortu ez duen zerbait. Bere arrantzale eta marinelak, bere etxekoandre eta nekazariak, bere haur eta apaizak... sarritan gizartetik kanpo daudenak, duela ehun urte edo gehiagoko pertsonaiak izan arren, inoiz baino gertuago sentitu daitezke gugandik. Bestalde, nostalgia eta abenturaren arteko uztartze paregabe horri esker, irakurleak ez du inoiz aspertzeko betarik Barojarekin.