'Pilula Gorria' euskarazko twitch saioa estreinatuko dute gaur

ZER DA PILULA GORRIA?
Euskara hutsean sortu den Twitch bidezko saioa izango da, bereziki gazteei zuzendua. Pilula gorria eta bere aurkakoa, pilula urdina, egia deserosoa (gorria) edo ezjakintasun zoriontsua (urdina) besarkatzearen arteko hautua irudikatzen duten zinemazale-kultura sinboloak dira. Zientzia-fikzioaren kulturan ezagunak diren terminoak The Matrix (1999) filmetik datoz. Bertan, Neo protagonistari bi piluletako bat hartzeko aukera eskaintzen zaio. Pilula urdinak gertatutakoa ahaztea eta Matrixen errealitate birtualean geratzea ahalbidetuko dio, eta gorriak, berriz, hartatik askatu eta mundu errealera eramango du.
NORK SORTU DU?
Urtzi Urkizuk Berria egunkarian aurreratu zuen moduan, "misterioa da proiektuaren atzean nor dagoen". Lan-talde jakin baten proiektua da, baina lehen denboraldia amaitu arte ez omen dute argituko nortzuk diren. Aurkezlea Lord Draugr youtuber nafarra izango dela soilik argitu dute eta saioa, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak babesten duela.
argazkia: ARITZ SOLA
SAIOAREN EGITURA OROKORRA
Saioak hiru atal izango ditu, baina oso espontaneoa aldi berean. Horietan garrantzitsuena elkarrizketa berezi bat izango da. Lehen denboraldian 3 pertsona/talde elkarrizketatuko dituzte: AITZIBER GARMENDIA, NOGEN eta CHILL MAFIA.
Elkarrizketaren hasieran, guztira 10 pilula banatuko dizkiete protagonistei, 8 gorri eta 2 urdin, horrek esan nahi du 8 galdera derrigorrez erantzun behar dituztela, baina 2rekin txanda-pasa egin dezaketela. Galderak ez dituzte aldez aurretik ezagutzen, beraz hasieratik 2 erantzun gabe uzten badituzte, gero ez dute aukerarik izango saihesteko. "Galdera zirikatzaile eta deserosoak" izango direla ere gehitu dute.
Saioaren gainerako ataletan erronkak egongo dira, sareko bideo jakin batzuk aipatuko dituzte, umorea egongo da eta batez ere erabiltzaileen ekarpena ezinbestekoa izango da, bai sarean eta baita zuzeneko txatean ere.
Estreinaldia esan bezala, gaur gaueko 21:00etan twitch.tv/pilulagorria helbidean.