Pilota ez da sartu Joko Olinpiarretan (oraingoz)

Eskalada, surfa, skateboard-a eta breakdance-a hautatu ditu Parisek 2024ko Olinpiar Jokoetarako; ordea, pilota ez da haiekin izango kirol gonbidatu moduan. Hain zuzen, Xabier Cazaubon Nazioarteko Pilota Federazioko presidentea eta Lilou Etxeberria Frantziako Federazioko lehendakariaren ekimena izan da pilota bertan izateko saiakera; Cazaubonek eta Etxeberriak pilota erakusketa kirol gisa onartua izateko egindako txostena aurkeztu zioten Tony Estanguet 2024ko Olinpiar Jokoetako Antolaketa Batzordeko presidenteari duela hiru aste, baina azkenean hark ez du babestu eskaera. Pilota 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetan izan zen azken aldiz, orduan ere erakusketa kirol moduan.
Aldiz, Eskalada, surfa, skateboarda eta breakdancea hautatu ditu Parisek. Lehen hiruak Tokion egingo diren Olinpiar Jokoetan estreinakoz jokatuko dira.