Picassoren 'Gernika' lanaren txokolatezko erreplika jarri dute ikusgai Gasteizen
Picassoren Gernika koadroaren jatorrizko tamaina duen txokolatezko erreplika ikus daiteke Gasteizko Europa Jauregiko Olarizu aretoan. 40 gozogileren artean egin dute artelana, eta jatorrizko mihisearen neurri berberak ditu (7,77 metroko luzera x 3,49 metroko zabalera). Artelan honen txokolatezko lehen erreplika egiteko 400 kilo txokolate ale baino gehiago urtu ziren.
Gernikaren bonbardaketaren 85. urteurrenarekin bat egin du erakusketak, eta Gasteizko alkate den Gorka Urtaranek nabarmendu duenez, helburu bikoitza du: "Bakearen eta Giza Eskubideen balioa gogoraraztea, eta horrez gain, Gasteizko eta Arabako artisauen gremioari balioa ematea”.

Erakusketak obraren azalpen eta interpretazio zerbitzua du, eta parte-hartze eta sormen gunea ere badu, bisitariek Gernika lanaren erreplika bat margotzen lagun dezaten. Gainera, txokolate tabletaren tamainako koadroaren erreplikak eros daitezke Europa jauregian bertan.
Erakusketa igandera arte egongo da zabalik, 11:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
Ekintza osagarriak
Mugarik Gabeko Musikariak elkartearekin eta Euskal Gozogileak federazioarekin batera, Gasteizko Udalak eta Vital Fundazioak zenbait jarduera antolatu dituzte erakusketa honen inguruan. Asteazkenean txokolatezko artelanaren sorkuntzari buruzko dokumentala eman zuten, eta Gernikaren bonbardaketako biktimak gogoratzen dituen musikala ere antzeztu zuten.
Bihar, goizez zein arratsaldez, Arabako gozogintzako produktuak erakusgai jarriko dituzte. Arratsaldean, 19:00etatik 20:30era, Bakearen aldeko kontzertua izango da, Maria de Maeztu entzunaretoan, EAEko musika-talde eslaviarren eskutik. Sarrera librea izango da, lekuak bete arte.


