Pettiren hamaika arrazoi

Pettiren hamaika arrazoi https://www.gaztezulo.eus/albisteak/pettiren-hamaika-arrazoi/@@download/image/8p10-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Ibon Gaztanbide
Ikastolan petit-suisse asko jaten zituelako gelakideek Peti deitzen hasi zitzaizkion Jose Luis Perez Mitxelenari. Ez dirudi, alabaina, horrek ahotsa leundu zionik, izan ere, whiskya eta nikotina darizkio Berako abeslariaren ahotsari. 

Pettik, gitarra lagun duela, sentimenduz beteriko 11 kantu bildu ditu bigarren diskoan. "Arrazoiak" izenburua du, eta aurrekoan bezala, Gaztelupeko Hotsak zigiluak kaleratu du. Zein ekarpen dakarkigu "Arrazoiak"-ek? "Agian, lasaiagoa da, akustikoagoa dela iruditzen zait. Alde batetik, ez dugu bateriarik sartu, perkusioak bai, baina bateriarik ez, ordea, eta aurrekoan ez bezala, oraingo honetan alde batera utzi dut gitarra elektrikoa. Bestalde, eta letrei dagokienez, Fernando Pessoaren poema bat abestu dut, baita nere lagun mina den Bernardo Goietxeren poesia batzuk ere", dio kantari beratarrak.  
"Arazoa ez da denbora pasatzen dela; arazoa da ea zer pasatzen den denbora pasatzen denean". Joseba Sarrionandiaren iradokizun honek zabaltzen du "Arrazoiak" konpaktuaren liburuxka. Eta Pettiri lehen diskoa kaleratu zuenetik hona, denoi bezala, zerbait gertatu zaio, ezta? "Lehen, taberna batean lan egiten nuen, eta gauez bizi nintzen. Orain, aldiz, taberna utzi, eta egunez bizi naiz, eta hori aldaketa handia da. Gaur egun, goizean goiz jeiki, eta zortzi orduz aritzen naiz gitarrarekin, kantuak konposatzen. Lasaiago bizi naiz eta hori bigarren disko hau grabatzerakoan nabari dela uste dut. Gauzak serioago hartu ditut".
Diskoa Gasteizko El Cantón de la Soledad estudioan grabatu zuen joan den abenduan, eta Pettirekin batera, Marina Beraetxek eta Bingen Mendizabalek bibolina jo dute pare bat abestietan, perkusioak Jimmy Arratibelek astindu ditu eta Raul Garciak armonika."Oraingoan patxada handiagoz hartu dut, lehenengo diskoa grabatu nuenean gauza asko ikasi nituelako", dio Pettik.
Pettiren konposizioak ez omen dira mota guztietako entzuleentzat. Emozio intimoak eta malenkonia gordetzen ditugun zokoei begira abesten digu, eta horrek ez dirudi entzule gehientsuenen onespena duenik. Ez dio axola, ordea, gehiengoa, sarritan, oker dabilelako, eta Mark Lanegan edo Nick Drake bakarlari minoritarioak bezala, Pettik ere nahikoa arrazoi dituelako.