Petti: Off-aren ostean, on

Petti: Off-aren ostean, on https://www.gaztezulo.eus/albisteak/petti-offaren-ostean-on/@@download/image/80p72petti_1363732181.jpg
2007/12/07
erreportajea
Julen Azpitarte
Petti Berako musikaria “off” egon da denbora luzez. hauxe diskoan agertu zitzaigun azken aldiz, Rafa Ruedarekin eta Txuma Murugarrenekin batera. Orain, “on” dago. Indarberriturik itzuli da, gainera; On (Gaztelupeko Hotsak) lanaren kantak entzun baino ez dago. 

“Disko ona iruditzen zaidalako jarri diot On. Zerikusia dauka musikariekin, denak musika irakasleak dira eta oso onak, eta baita kantuekin ere. Aurreko disko bakoitzak ildo zehatz bat segitzen zuen, bai estiloari bai soinuari zegokienez. Kantuok ez dute zerikusirik elkarren artean. Bestetik, berriz jartzen hasi naizela adierazi nahi du izenburuak. Mundutik desagertu nintzen eta orain itzuli naiz”, dio Pettik, Gaztelupeko Hotsakek bidalitako sustapen orrian. Eta bat gatoz berarekin: Pettik bete-betean asmatu du bere lanaren diagnostikoan.

Disko plurala da. Une akustikoak, folk kutsudunak, eta tarte elektrikoak, rockeroagoak, abilezia handiz uztartu ditu Pettik. Diskoa jarri bezain laster entzulea bat-batean jabetzen da lana ez dela edonolakoa. Izan ere, diskoa abesti biribilenetakoak zabaltzen du: Hauskorrak. Andoni Tolosaren hitzak musikariaren zein entzulearen hauskortasunaz ohartarazten gaitu, Xabier Montoiaren ahotsaren bidez: “Zein hauskorra haizen, zein hauskorra nauken, zein hauskorra gaituken”.

Segidan, Bakardadea ehizan dator. Gitarra elektrikoek eta biolinak bultzaturiko country rock doinu dinamikoa da. Hitzak, Beñardo Goietxerenak: “Elkartu dira biak, su eta gar, zeru eta lur, egia eta gezur”. Biolinaren ekarpena abestiari erantsitako aparteko balioa da. Eta gauza bera gertatzen da Oasia abestiko akordeoiarekin edo Galdutakoak kantako teklatuekin, disko osoa baitago hainbat instrumenturekin apainduta. Pettik eta koadrilak estudioan egindako lan txukunaren isla da. “Kanta hauek ekoizteko aproposa zen Rafa (Rueda). Rafak badaki musikariekin lan egiten, bakoitzak zer eta nola egin behar duen... Nik ez dakit hori egiten, eta ez dut sekula jakingo”, dio musikariak. Nahikoa du Pettik egundoko kanta hauek idazten!