Peruko oasia

Huacachina Peruko basamortuko oasi naturala da. Lur azpitik azaleratutako urek palmeraz, eukaliptoz eta algarroboz inguraturiko bailara berdea sortu dute, eta urmaelean atseden hartzeko geraldia egiten dute hegazti migratzaileek. 1940an, baina, bertako urak sendagarriak zirela zabaldu zen inguruko herrietan, eta Peruko bainuetxe ezagunenetakoa eraiki zuten oasian; etxeak, hotelak, eta bost kilometrora dagoen Ica hirirainoko errepidea, guztia bisitarien gozamenerako. Kondairak dio Huacay China izeneko dontzeila sirena bihurtu zela bertara jauzi egin zuen egunean, eta geroztik ilbeteko gauetan ateratzen omen da.