Peruk trans pertsonak gaixo bezala sailkatzeari utziko dio
Erabakia, milaka manifestarik Limako kaleak hartu ondoren iritsi da. Protesta horiek, hain justu, indarrean zegoen lege berri baten kentzea eskatzeko izan ziren. Lege horrek zioen pertsona transexualak, trabestiak eta “genero identitateko nahasteak” pairatzen dituztena buruko gaixotasunak sufritzen dituztela.
Peruko LGTBI+ komunitateko ordezkariek, zuzenketa txalotu dute: “Aktibista eta LGTB komunitatearen eskubideen defendatzaileen lanaren ondorioa izan da hau”.
Bere adierazpenetan, ministerioak esan zuen, hemendik aurrera “genero diskordantzia” kontzeptua erabiliko dutela pertsona hauei aipamena egiterakoan. Aldi berean, Peruko osasun zerbitzuak “errespetua eta pertsonen duintasuna” babestuko dutela esan du “osasun zerbitzuetan guztien giza eskubideak betearazteko”.
Aurrerapauso handia bada ere, bada zer egin oraindik Perun. Izan ere, herrialdeak ez du sexu berekoen ezkontza onartzen, ez eta trans pertsonei euren identitate-dokumentuak aldatzen ere.
