Peru Abarrategik irabazi du Arabako Bertsolari Txapelketa

Peru Abarrategik irabazi du Arabako Bertsolari Txapelketa Txapelduna Manex Agirrerekin aritu zen buruz burukoan. Oihane Perea hirugarren postuan sailkatu zen eta azken txapelketa izango duela iragarri zuen. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/peru-abarrategik-irabazi-du-arabako-bertsolari-txapelketa/@@download/image/arabako-txapelduna.jpg
2022/06/13

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Txapelduna Manex Agirrerekin aritu zen buruz burukoan. Oihane Perea hirugarren postuan sailkatu zen eta azken txapelketa izango duela iragarri zuen.
Peru Abarrategik irabazi du Arabako Bertsolari Txapelketa

Larunbat arratsaldean Gasteizen jokatu zen Arabako Bertsolari Txapelketako finala eta honako bertsolari hauek aritu ziren kantuan: Manex Agirre Arriolabengoa (Aramaio), Oihane Perea Perez de Mendiola (Zalduondo), Peru Abarrategi Sarrionaindia (Aramaio), Iñaki Viñaspre Simon (Abetxuko), Xabi Igoa Eriz (Aramaio), eta Paula Amilburu Izargarai  (Aramaio).  Sei bertsolariek egin beharreko ariketa puntuagarriak amaitutakoan erabaki zen buruz burukora igaroko zen bikotea zein izango zen: Manex Agirre eta Peru Abarrategi. Azken honek lortu zituen puntu gehien eta bera da 2022ko Arabako bertsolari txapelduna. 

Abarrategik 608 puntu eskuratu zituen eta Manex Agirreri bost puntu eta erdiko aldea atera zion. Oihane Perea sailkatu zen hirugarren, 413,5 punturekin. Iñaki Viñaspre, Xabi Igoa eta Paula Amilburu sailkatu ziren laugarren, bosgarren eta seigarren, hurrenez hurren. 

Arantxa Sobrino izan zen saioko aurkezlea eta Aintzane Irazusta aritu zen gaiak jartzen. Epaileak, berriz, Fernando Sopelana, Aitor Jimenez, Ekaitz Elorriaga, Manex Garaio eta Mikel Fernandez de Arroiabe izan ziren. Idazkari lanetan Endika Jimenez aritu zen. 

Epaimahaiaren erabakia jakin eta gero, Serapio Lopezek jantzi zion txapela Abarrategiri. Arabako bertsolaritzari lotua ibili da 1982tik, eta Arabako lehen bertso-eskolen sortzaileetako bat da. Bertsolari, irakasle eta antolatzaile lanetan aritu izan da, eta 2017ko finalean kantatu zuen azken aldiz Arabako Bertsolari Txapelketan.

Serapio Lopezek txapela jantzi ondorengo agurrean honako hau kantatu zuen Peru Abarrategik:

Eskakizun txikitxo bat

aterako dut plazara

nahiz Aramaixo ta Oion

ez den berdin beharbada

probintzi txiki honek du

bere-berea euskara

batzuek ahaztu arren

gu ere euskaldun gara

beraz konplexu guztiak

doazela pikutara

ama berdinak erditu

baditu zazpi alaba

merezi duen moduan

zaindu ezazue Araba