Pertsona sentikorra izateak gatazkak hobeto konpontzen laguntzen omen du

Pertsona sentikorra izateak gatazkak hobeto konpontzen laguntzen omen du Honela azaldu du baieztapen hau zientziak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/pertsona-sentikorra-izateak-gatazkak-hobeto-konpontzen-laguntzen-omen-du/@@download/image/pexels-marcela-oliveira-10745813.jpg
2024/03/01
Honela azaldu du baieztapen hau zientziak.
Pertsona sentikorra izateak gatazkak hobeto konpontzen laguntzen omen du

Beste pertsonen iruzkin ezkorrek izugarri eragiten dizute? Ez zara gai entzungor egiteko edo umorez hartzeko? Gehienetan autodefentsa modua aktibatzen duzu? Zure erantzuna gehiegizkoa izaten da? Bada, Daniel S. Lobel psikologo klinikoaren esanetan, jokabide hauek sentikortasun emozional sakona erakusten dute, baina baita sentimenduei aurreko egiteko barne mekanismoen gabezia ere. Baina, lasai, entrenatu litekeen zerbait da.

Aditu honen esanetan, mekanismo hauek “ohiko psikoterapiarekin eta eskura dauden autolaguntza materialekin” erraz eskuratu daitezke. Izan ere, zure gehiegizko sentikortasuna ez da desagertuko, beti egongo da zurekin. Ez da urteekin joango. Beraz, funtsezkoa da gutxienez bi segundo hartzea minduta sentitu ondoren iruzkina egin duen horren asmoen inguruan hausnartzeko eta asertibitatez erreakzionatzeko, ez oldarkortasunez. 

Baina kasu: gauza bat da zure emozioen aurrean nola erantzuten duzun lantzea eta besteak hauek ezabatu nahi izatea, ez zarena bihurtu nahi izatea. Lobelen hitzetan “ez dago ezer oker zugan ohikoa baino indar gehiagoz emozioak bizitzen dituzulako eta ez da gomendagarria hauei entzungor egitea”. Izan ere, zure gehiegizko sentikortasunak erabakiak hartzeko informazio gehiago pilatzea ahalbidetzen dizu eta, beraz, informazio hori ondo erabiliz gero, jakintsuago bihurtuko zaitu, beti ere informazioa lasai prozesatzeko tresnak eskuratzen baditugu. 

Hau esan ondoren, kontuz intentzio onik ez duten pertsona horiekin eta, euren jokabide maltzurrak justifikatzeko, oso azal fina duzula ihardesten dizuten horiekin. Bai, oso sentibera zara, baina esaten ari direna zabor hutsa bada, ez duzu zertan jasan. Egoera horietan, zure buru osasunaren mesedetan, bullyingari ez diozu pasatzen utzi behar, joan daitezela euren negatibitatearekin beste norabait!