Pertsona baten identitatea ez dago bere genitaletan

Pertsona baten identitatea ez dago bere genitaletan Klasifikazio bitar eta erredukzionista batean esan genezake bi motatako pertsonak daudela: identitate zurruneko lerro zuzena jarraitzen dutenak eta beraien barne bulkadei jaramon egiten dietenak (identitate malguak). https://www.gaztezulo.eus/albisteak/pertsona-baten-identitatea-ez-dago-bere-genitaletan/@@download/image/conoce-que-es-el-genero_0_0_592_368.png
2019/07/03

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Klasifikazio bitar eta erredukzionista batean esan genezake bi motatako pertsonak daudela: identitate zurruneko lerro zuzena jarraitzen dutenak eta beraien barne bulkadei jaramon egiten dietenak (identitate malguak).
Pertsona baten identitatea ez dago bere genitaletan

Bizitza konplexua da, fase ugaritatik pasatzen gara, askotan aldatzen dugu ideiez, pentsamenduz... “Ni”aren unitate zurrun hori ulergaitza da askotan, gure barruan hainbat Ni ditugu eta zenbaitzuk gizonezko Niak dira edota emakumezko Niak, zaharrak, gazteak... garrantzitsuena Ni guzti horien baturatik pertsona on bat lortzea da, beste guztiak ez du axola.

Genero kontzeptua malgu sentitzea ez da ordea, XXI. mendeko gizartearen kontua. Irakurri bestela Virginia Woolf-en Orlando (1928) liburuko pasarte hau: Gizon hura goiz batez esnatu zen. Nagiak kendu zituen, “uuaah..”, ohetik altxatu eta bere biluztasunak, bat-batean, emakumezkoa zela erakutsi zion. Ez zen harritzekoa izango jauzi bat egin izan balu, ez zuen zirkinik egin ordea. Bera zena ez zuen aldatu: ez bere nortasuna, ez bere oroitzapenak. Kontsideratu behar izan zuen bakarra agindu soziala izan zen: berari beti gustatu izan zaizkio emakumezkoak, orain gizonezkoak gustatu behar ote zaizkio? Maite duen emakumeari uko egin behar al lioke?

Idazleak sakon hausnartzeko gaiak planteatu zituen: pertsona baten identitatea bere genitaletara lotuta al dago edo aldatu daiteke bizitzan zehar? Norbait femenino edo maskulinoa delako maitatzen al dugu edo bera den bezalakoa delako? Genero identitatea aldaezina al da edo aldatu daiteke, ideiak eta gustuak aldatzen diren bezala?

XX. mendean gizon-emakumearen mundu bitar “normalak”, heterosexualitatean oinarritutakoak, eztanda egin zuen eta milioika pertsonek babesa aurkitu zuten queer hitzean. Hitz horretatik berreraiki dituzte milaka eta mila gay, lesbiana, bisexual, transexual, intersexual, transgenero eta beste hainbatek beren jaiotzetiko identitateak.

“Genero malguaren” aukera
Ondoren iritsi zen ingelesez gender fluid bezala ezagutzen den kontzeptua: gizon edo emakume etiketetan eroso sentitzen ez diren pertsonak. Egun genero malgua “genero sortzailea” izenez ere ezagutzen da.

Pertsona hauetako batzuk diote bi generoetakoak sentitzen direla: femeninoa eta maskulinoa. Beste batzuk diote ez bata eta ez bestea, euren generoa neutroa dela. Ez dago formula zehatzik eta aldaerak infinituak dira.

Hainbat psikologok diotenez, gizarte bitarraren aurkako erantzuna da genero malguarena. Feminitatea eta maskulinitatea gutako bakoitzaren baita egon dira beti eta horren arabera mugitzen gara, batzuetan gure alde femeninoarekin gehiago eta bestetan maskulinoarekin. Norberak eraikitzen du bere identitatea eta generoa (eduki nahi balu bederen) biekin esperimentatuz. Honelako etiketak elkar ulertzeko dira soilik baliagarriak, baina ez lukete inongo momentutan muga izan behar.

Dokumentuetan zer?
Gure dokumentuetan emakumezko edo gizonezko gara soilik. “Sexua” atala gure genitalen arabera betetzen da: Bagina baldin baduzu emakumezkoa, zakila baldin baduzu gizonezkoa. Zer egin aukera horietan sartzen ez direnekin?

Espainiar Estatuan PSOE-ek 3/2007 legea aldatzea proposatzen du gizon eta emakumeen berdintasuna eraginkorragoa izan dadin. Horrela, ez gizonezko, ez emakumezko sentitzen ez diren pertsonek sexuaren atalean X bat markatu dezakete.

Gainera, proposamen honek genero neutroa gaixotasuna izatetik askatzen du, beraz, ezinbesteko pausu garrantzitsua da. Hau aurrera ateratzen bada ez da beharrezkoa izango inongo txosten psikologikorik, ez eta sexua aldatzeko ebakuntzarik; besterik gabe pertsonek X markatu dezakete dokumentuetan.

Australia izan zen genero neutroa dokumentu ofizialetan onartzen lehena. 2011. urtean izan zen. Handik urtebetera Zeelanda Berriak ere berdin egin zuen eta baita Danimarkak, Maltak, Argentinak, Holandak... beste herrialdeak zuhurtzia gehiagorekin doaz. Alemanian adibidez, ez du pertsonaren sentimenduak soilik balio, biologia ere kontuan hartzen dute. “Hirugarren generoa” pertsona intersexualei soilik onartzen zaie, hau da, gizon eta emakumearen arteko trazu sexual anbiguoak dituztenei bakarrik.

Genero identitateak lorratza uzten du zeluletan
Gizarteak bi jokabide inposatzen ditu genitalen arabera, horretan oinarritzen dira genero rolak. Gehiengoak, gizarteak onartu ditzan, men egiten diote jokamolde horiei. Ikerketa batek esan duenez ordea, genero rol horiek gure garuneko zelulei eragiten die.

Oraintxe ari gara zientzia bidez jakiten jaiotzetiko sexuak berak baino, ezartzen diren genero identitateak ondorio sakonagoak izan ditzakeela gure garunean. Sexua faktore biologikoz osatzen da, kromosoma sexualez eta ugaltze organoaz. Generoak aldiz, osagai soziala du, espektatiba eta sexua ikusteko moduetan oinarritzen dena.

Egindako ikerketek diotenez, genero identitateak garunean eragindako “markek” oroimenean eta gaixotasun batzuen garapenean eragin dezake. Gainera "kutsakorra da", informazio hori zelulaz zelula pasatzen da gure gorputz osora eta baita belaunaldiz belaunaldi ere. Horregatik, oso garrantzitsua da norbera eroso sentitzen den identitatea aurkitzea eta horren baitan bizitzea osasun fisiko eta mental egoki baterako.

Genero malguko emojiak
Mundu bitar zurrunetik bizitzeko milaka modu dauden mundu errealera guztiz pasatzea kostako zaigu, baina behintzat jada ez da isolatuta dagoen ideia. Emoji-en mundura ere iritsi da aniztasuna. Orain dela hilabete batzuk Google konpainiak genero malguko 53 emoji iragarri zituen. Keinua garrantzitsua da jakinik pertsona asko eta asko direla ez dutenak gizon edota emakumezkoen marrazkiarekin identifikatu nahi.

Oraindik beta fasean dauden emoji hauek edozein generoko pertsonek eraman dezaketen ile orrazkerak dituzte eta ez dute emakumezko edota gizonezko bezala soilik identifikatzen dituen arropa erabiltzen. Detaile txikiek aldaketa handiak lortu ditzakete eta horrelako ekimenekin aniztasunari ateak ireki eta gure mundu ikuspegiak aberastetik geroz eta hurbilago gaude.