Pertsona bakoitzaren izena abesti bat da herrixka honetan

Pertsona bakoitzaren izena abesti bat da herrixka honetan Indiako herrixka honetan izenak txorien tonada modukoak dira. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/pertsona-bakoitzaren-izena-abesti-bat-da-herrixka-honetan/@@download/image/india-tradition-language-music-010345_0.jpg
2019/08/27

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Indiako herrixka honetan izenak txorien tonada modukoak dira.
Pertsona bakoitzaren izena abesti bat da herrixka honetan

Irudikatu dezakezu oihanean murgilduta dagoen herrixka bat, non bertako biztanleen izen bakoitza tonalitate ezberdineko abesti bat den? Horrelakoxea da Kongthong Indiako herrixka. Bertan elkar modu ezohiko eta ederrean deitzen dira. Hitz bat baino gehiago da izena, tonada bat da, txori baten kantuaren zati bat. Tonada hauek biztanle bakoitzaren goitizenak edo bigarren izenak bezalakoak dira, baina hala ere, euren izen originalak baino gehiago erabiltzen dituzten.

Eurentzat abesti txikien unibertso hau amaren maitasun eta identitate ekintza bat da. Jingrwai lawbei deitzen zaio joera honi, hau da, “tribuko lehen emakumearen abestia” eta kondairaren arabera komunitatea fundatu zuen emakumeari egiten dio erreferentzia.

Amek euren umeei tonada bat esleitzen diete, eta ondoren herritar guztiek modu horretan deitzen diote umeari. Honela, bere identitatearen lorratz soinudun bat geratuko da bere bizitza osoan zehar. Aitak ere tonada bat proposatu dezake eta elkarrekin erabaki zein den politena edo hobekien ordezkatzen duena haurra.

Haatik, pertsona bakoitzak bere izen kantatuaren bi bertsio ditu, bata motza, etxean edo inguruetan dagoenean deitzeko, eta bestea luzea, oihan barneko loditasunean deitzeko. Honela, musikaltasun eder batek herriko giroa apaintzeaz gain, geografia honetan baliabide erabilgarria da, oihanaren puntu batetik bestera deitzeko oso praktikoa baita.

Komunitateko liderretako bat den Rothell Khongsit-ek honela azaltzen du izen musikalek ingurune naturalarekin armonizatzeko duten joera: “Isolatutako herrixketan bizi gara, oihan eta mendi trinkoz inguratuta. Beraz, ezinbestean naturarekin harremanetan gaude, Jainkoak sortutako bizidun guztiekin harremanetan gaude. Izaki bakoitzak du bere identitatea. Txoriek, beste zenbait animaliek bezala deitzeko euren modu propioa dute.”

Behin pertsona hil ondoren, bere tonada bakar hori berarekin desagertzen da. Hori bai, tentuz zaindu behar da zure izen musikala, oihanean dabiltzan mamuren batek ikasi ez gero tonada lapurtu baitezake eta ondorioz pertsonaren arima gaixotu.