Perspektiba

Perspektiba https://www.gaztezulo.eus/albisteak/perspektiba/@@download/image/alaiamartin5.jpg
2009/02/06
erreportajea
Alaia Martin


Urruntzea egiara hurbiltzeko era bat da. Eta ez galdetu egian sinesten dudan, badakit Donostiako auzo (herri, batzuentzat!) bat dela, baina gutxi gehiago dakit egiaz. Bakoitzak bere egia duela entzun izan dut, egia bakarra dagoela, egiarik ez dagoela, egia gezurra dela… argi dagoena da, egia ikus-angeluaren baitakoa dela.  Egia izan daiteke pixka bat egia, eta pixka bat gezurra, hurbildutakoan.

Batzuetan egiak, babarrunak, Gros, usteak, gazta, gezurrak eta porruak nahasten ditugu, eta orduan ez gara hurbiltzen, eta ez gara urruntzen, mugimendu zentripetuak eta zentrifugoak egiten ditugu, orain horra, orain hara, edonora iristeko beldurrez, gezurra entzuteko beldurrez, edo gezurra entzuteko irrikaz. Beldurrez, beste behin ere. Beldurrak ez, baina egoerak berak xarma pixka bat badu, zorabiatzen zaren arte. Eta orduan, irtenbidea ez da izaten bueltak eman dituzun kontrako norabidean bueltak ematea. Jada ahaztu baitzaizu norantz eman dituzun bueltak, eta nora joatea tokatzen zaizun orain.

Perspektiba zabalduta gehiago ikusten da, edo justu kontrakoa. Gutxiago ikusten da, baina ikusten den hori argi ikusten da. Hobe ikusten da. Edo justu kontrakoa, ez da dena ikusten, ikuspegia eskasagoa da, eta errazagoa da gauzak zuriz edo beltzez pintatzea, perfilatzea. Justu hori da kontua, agian, ez dela dena ikusten, baina ikusten dena dela funtsa. Ñabardurek ikusten utzi ez dizuten hori ikusten duzula. Betikoa: zuhaitzak ez dizu basoa ikusten uzten, edo basoak zuhaitza ikustea galarazten dizu? Egin bi pauso atzera, edo egin bi pauso aurrera, bi eratara, bi pauso egingo dituzu aurrera.

Perspektiba hartzea nahas liteke ihes egitearekin, urruntzea lotu liteke hurbildu nahi ez izatearekin. Baina nik ez ditut lotzen. Nik beti nahiago izan dut bi pauso aurrera egitea, eta egiari begietara begiratzea. Eta gezurrari. Hurbiltzen ikasteko, baina, batzuetan urruntzen jakin behar da. Gauzei hegan egiten utzi behar zaie, joaten utzi, edo joan, itzuleran, lur-hartzean, hurbil, lurrean, oinez ibiltzeko irrikaz egongo zarela jakinagatik. Baina norbaiten eskuak ezin dira bahitu, ezta batzuen irribarreak albalean bildu ere, eta herri baten lurra ez da patriketan kabitzen.

Argentinara noa. Bitartean, pintatu sinetsi nahi dituzun gezurrak koloretako akuarelaz, eta ez dezala inork aukeratu zure partez, zein gezur sinetsi behar duzun.