Periferiako gazteen artean euskararen eta kulturaren transmisioa sustatzeko unitate didaktikoa

Periferiako gazteen artean euskararen eta kulturaren transmisioa sustatzeko unitate didaktikoa Hezkuntzan 16 eta 18 urte arteko gazteekin erabiltzeko sortu dute materiala eta sarean dago eskuragai. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/periferiako-gazteen-artean-euskararen-eta-kulturaren-transmisioa-sustatzeko-unitate-didaktikoa/@@download/image/damolat.png
2021/12/14

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Hezkuntzan 16 eta 18 urte arteko gazteekin erabiltzeko sortu dute materiala eta sarean dago eskuragai.
Periferiako gazteen artean euskararen eta kulturaren transmisioa sustatzeko unitate didaktikoa

Ikastolen Elkartearekin elkarlanean, AHIZE AEK-k sortutako #damolat ikas-unitatea zintzilikatu dute sarean. Tresna honek periferietako gazteen artean euskararen eta euskarazko kulturaren transmisioa eta berrartikulazioa sustatzea du helburu. Gazteek euskararekin eta euskarazko kulturarekin duten harremana indartzeko ahalegintzat jo dute materiala.

Unitatearen sortzaileek azaldu dutenez, "euskararen ezagutza gero eta handiagoa da Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako gazteen artean, baina erabilera ez da areagotzen ari. Euskararekiko lotura badute, baina ez da praktikoa eurentzako. Gehienek euskara ikastetxean jaso dute. Familia erdaldunetakoak izan arren, haur txikiek garatu dute lotura euskararen munduarekin. Hori posible da transmisiorako zirkuituak eta edukiak badaudelako, eta egunerokoan heltzen zaizkielako hamaika ipuin, istorio edo kantu euskaraz. Nagusitu ahala, ordea, euskararen munduarekin dituzten loturak ahuldu eta lausotu egiten dira. Ez dute euskararen mundua ezagutzen, eta ez daukate euskaraz sozializatzeko biderik. Euskararekiko duten lotura ikastetxera (hezkuntza formala) eta jaien eremura murrizten da; horren ondorioz, asoziazio, jarrera eta praktika zehatz oso mugatuak eraikitzen dituzte". Hortaz, ikas-unitate honen bidez, periferiako gazteek euskararekiko dituzten asoziazioak, jarrerak eta praktikak identifikatu eta, ikastetxeak haiekiko mantentzen duen lotura baliatuta, laguntza eskaini nahi dute euskarazko kultur edukiak jaso eta bizitzeko tresnak sortzeko.

Ertzetako 16-18 urte bitarteko gazteen artean erabiltzeko ikas-unitatea da, DBH 4n eta Batxilergoan edo Lanbide Heziketan aplikatzeko pentsatua. Hala eta guztiz ere, bertan jasotzen diren jarraibideak eta teknikak bestelako eremuetara ere molda daitezkeela jakinarazi dute sortzaileek, hala nola kultur etxe, gaztetxe, udaleku, elkarte, euskaltegi eta abarretara.  Materialak proposatzen duen prozesua parte-hartzean oinarritzen dela nabarmendu dute eta "taldean eraldaketa bat eragitea" bilatzen duela, eta baita "inguruan eragiteko proiektu bat diseinatzea eta garatzea" ere.

Igo Bolumena! Euskara. Kultura. Transmisioa. Ertzetatik jardunaldia-ren barruan aurkeztu zuten unitate didaktikoa eta jardunaldi osoaren bideoa ere ipini dute AEKren Youtubeko kanalean