Pepsiren azkena: emakumeentzat 'snack' finak

Pepsi markak uste du emakumeei ez zaiela gustatzen patata frijituak murtxikatzean ateratzen duten soinua, ezta paketea amaitzean hatzak zikin gelditzea ere. Konpainiako marketin buruaren arabera, emakumeek modu finagoan jaten dute, eta "behar" hori asetzeko, emakumeentzat bereziki zuzendutako snack fin eta diskretuak kaleratuko dituzte.
Lay’s, Cheetos, Doritos eta Fritos markak biltzen ditu konpainia honek, eta adierazi dutenez, snack horiek biltzeko poltsa diseinu berri batean dabiltza lanean, emakumeen jateko ohiturekin bat egiten duena. Eta zeintzuk dira emakumeen ohiturak enpresa honen ustetan? Adi, esan dutenari: "Emakumeek patata frijituak jaten dituztenean gustatuko litzaieke gaztetxoek bezala hatzak zupatu eta poltsaren azken apurrak jatea, baina ez dute egiten. Gainera, ez zaie gustatzen murtxikatzean ateratzen duten soinua, ezta apurrak ahora eramatea ere. Beraz, guzti hori ekiditeko, snack berri batzuk diseinatuko ditugu; ez dira horren kurruskariak izango. Gainera, poltsa txikiagoa eta erabiltzeko praktikoagoa izango da, emakumeen poltsetan sartzeko perfektua". Eta zuek, nola jaten dituzue patata frijituak?