Penélope Cruz, Donostia Saria

Penélope Cruz, Donostia Saria Aktore espainiarra izango da Zinemaldiko aurtengo karteleko protagonista. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/penelope-cruz-donostia-saria/@@download/image/img_30143.jpg
2019/05/10
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Aktore espainiarra izango da Zinemaldiko aurtengo karteleko protagonista.
Penélope Cruz, Donostia Saria
"Donostia Sariaren berri hau emozioz beteta eta Donostia Zinemaldiarekiko esker onez jaso dut, sekulako ohorea da niretzat. Zinemaldia ez da soilik nazioartean errespetu handia duen zinema-jaialdia, Espainiako garrantzitsuena ere bada. Gainera, maitasun berezia diodan lekua da, oso gaztetatik bertaratu naizelako eta oso une zirraragarriak bizi izan ditudalako bertan. Mila esker bihotz-bihotzez".

Penélope Cruzek hitz horiekin eskertu du Donostia Zinemaldiaren 67. edizioko Donostia Saria jasotzeko albistea. Aktore espainiarrak protagonismo bikoitza izango du jaialdian; alde batetik, Zinemaldiko ohorezko sari garrantzitsuena jasoko du, 1986tik zinemaren munduko figura handien ibilbidea eta ekarpena saritzen duena; eta bestetik, datorren edizioaren kartel ofizialaren irudia izango da.

Penélope Cruz (Madril, 1974) da nazioartean arrakasta handiena izan duen aktore espainiarra: antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren Oscar saria eta Bafta saria irabazi zituen Vicky Cristina Barcelona filmagatik (Woody Allen, Zabaltegi-Perlak 2008); hiru Goya La niña de tus ojos (Fernando Trueba, 1998), Volver (Pedro Almodóvar, FIPRESCI Sari Nagusia 2005) eta VickyCristina Barcelona filmetan egindako lanagatik; Canneseko zinema-jaialdiko emakumezko interpretazio onenaren sari kolektiboa (Volver), ohorezko César saria eta Arte Ederretako Merituaren Urrezko Domina (2018), beste aintzatespen askoren artean.

Cruzek gaztelania, ingelesa, italiera eta frantsesa erabili ditu bere lanetan, eta protagonista izan da, besteak beste, film hauetan: Belle Époque (Fernando Trueba, 1992, ingelesez besteko film onenaren Oscar saria), Jamón, jamón (Bigas Luna, 1992), Abre los ojos (Alejandro Aménabar, 1997), La niña de tus ojos (Fernando Trueba, 1998), Todo sobre mi madre (Pedro Almodóvar, 1999, ingelesez besteko film onenaren Oscar saria), Sin noticias de Dios (Agustín Díaz Yanes, 2001), Vanilla Sky (Cameron Crowe, 2001), Elegy (Isabel Coixet, 2008), Nine (Rob Marshall, 2009), Pirates of the Caribbean: On Stranger Tides (Rob Marshall, 2011), To Rome With Love(Woody Allen, 2013), Ma ma (Julio Medem, 2015), Todos lo saben (Asghar Farhadi, 2018), Dolor y gloria (Pedro Almodóvar, 2019) eta Wasp Network, Olivier Assayasek zuzendua eta oraindik estreinatu ez dena. Aurki nazioarteko beste bi produkziotan ere hartuko du parte: Simon Kinbergen 355 eta Todd Solondzen Love Child.

Penélope Cruz Zinemaldiko ohorezko sari garrantzitsuena jasoko duen bosgarren aktore espainiarra izango da, Fernando Fernán Gómez (1999), Paco Rabal (2001), Antonio Banderas (2008) eta Carmen Mauraren (2013) ondotik. 

Jarraian, 67.edizioko kartel guztiak dituzue: