Pello Lizarralde idazleak jaso du 111 Akademiaren Saria

Pello Lizarralde idazleak jaso du 111 Akademiaren Saria Atzo jaso zuen irakurleek ematen duten sariaren oroigarria Amasa-Villabonan egindako ekitaldian. Iaz kaleratutako 'Argiantza' nobelarengatik egin diote aitortza. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/pello-lizarralde-idazleak-jaso-du-111-akademiaren-saria/@@download/image/lizarralde sariarekin.jpg
2021/06/11

Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Atzo jaso zuen irakurleek ematen duten sariaren oroigarria Amasa-Villabonan egindako ekitaldian. Iaz kaleratutako 'Argiantza' nobelarengatik egin diote aitortza.
Pello Lizarralde idazleak jaso du 111 Akademiaren Saria

Atzo jaso zuen Pello Lizarralde idazleak  111 Akademiaren XXV. Saria Amasa-Villabonako Hika txakolindegian. Argiantza eleberriarengatik egin diote aitortza irakurleek, 2020ko libururik gogokoena izendatu baitute. 202 akademiakide ditu une honetan 111 Akademiak, eta horietatik 117k parte hartu dute sariduna izendatzeko, urtarrila eta apirila bitartean burututako hiru bozketa txandetan. Joxean Agirreren Nobela errealista bat eleberria izan du lehiakide azken bueltan.

Argiantza nobela 1980ko hamarkadan kokatua dago eta herriko zinema aretoen gainbeheraren hasiera kontatzen du. Protagonista zinema-aretoak kudeatzen dituen enpresa bateko gerentea da. Adinean gora doa, eta enpresak egin dion enkargua betetzeko Euskal Herrian barrena murgilduko da.

111 Akademiako kideek honela deskribatu dute eleberria: "Mundu bati, izate eta bizitzeko aldarte bati ematen zaion adioa. Atzean gelditzen den mundu horren arnasa eta denboraren sosegua sentiarazten dizkio egileak irakurleari". Literatura ale "bikaintzat" jo dute eta bere idazkeraz lantzen duen poetika nabarmendu dute: "Deskribapen hutsak benetan gozatzeraino harrapatzen du irakurlea eta bertan egoteraino lekualdatzen. Idazkera maisutasun osoz erabiltzen du oso ariketa ausart batean eta emaitza, zinez, ederra da".

Mende laurdena beteta
Hogeita bost urte bete ditu aurten Euskal Herriko irakurleek ematen duten sari honek. Manuel Larramendi Kultur Bazkunak 1996an jarri zuen abian Beterriko Liburua literatur aipamena, gerora 111 Akademiaren Saria bihurtu dena, euskal irakurleari literaturaren plazan hitza eta protagonismoa emateko asmoz. Joxean Agirrek irabazi zuen lehen edizioa Elgeta obrarekin eta geroztik hainbat saritu izan dira, tartean Ur Apalategi, Koldo Izagirre, Lourdes Oñederra, Ramon Saizarbitoria, Pako Aristi, Karmele Jaio, Anjel Lertxundi, Irati Jimenez, Miren Agur Meabe, Uxue Alberdi eta Harkaitz Cano.