Peio Etxeberri-Aintxart: “Abertzaleok nazio-estatuaren ideia gainditu behar dugu”

Peio Etxeberri-Aintxart: “Abertzaleok nazio-estatuaren ideia gainditu behar dugu” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/peio-etxeberriaintxart-abertzaleok-nazioestatuaren-ideia-gainditu-behar-dugu/@@download/image/25p38-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Ander Usabiaga
Peio Etxeberri-Aintxart: “Abertzaleok nazio-estatuaren ideia gainditu behar dugu”
Peio Etxeberri-Aintxart Abertzaleen Batasuneko idazkaritzako kidea da. 28 urte ditu, baigorriarra da sortzez, nahiz eta orain Donibane-Lohizunen bizi den, eta Historia ikasketak egin ondoren, tesia prestatzen ari da gaur egun.

Zein da Euskal Herrian dagoen gatazkaren irtenbidea?
Aterabidea Lizarra-Garaziko akordioetan atzeman genuen 1998an. Garai hartan, euskal gizarte osoak, eta ez bakarrik abertzaleek, proiektu bat adostu zuen, eta proiektu hori autodeterminazioa zen. Orduz geroztik bistan da Espainiako eta Frantziako estatuek ez dutela printzipio hori ezagutu nahi. Baina, oraindik ere gure erronka da erratea Euskal Herriak adierazten duen borondatea errespetatu behar dela eta hortik kanpora ez dela aterabiderik izanen. Borroka armatua arazo politiko baten ondorio da, eta egiazko arazoa gainditzen dugularik, borroka armatuari aterabideak atzeman ahal izanen zaizkio.
Autodeterminazioa aipatu duzu. Zer iritzi duzu independentziari buruz?
Autodeterminazio printzipioa pausatzen den heinean, Abertzaleen Batasunak independentziaren aldeko hautua eginen du, argi eta garbi. Nik, hala ere, pertsonalki eta ez ABko kide gisa, zalantza dut hori, munduko egungo testuinguruan, egiazko aterabidea ote den. Ene ustez, estatu-nazioaren eredua galtzen ari da; Balkanetan ikusi bezala, nortasunak sobera nahasiak diren eremuetan, ezinezkoa da arazook estatu-nazio egiturarekin konpontzea. Euskal Herrian hiru nortasun daude: espainarra, frantziarra eta euskalduna. Hiru nazio proiektu ezberdin horiek lehian ezartzen baditugu, ez dugu sekula baldintza onik lortuko, populazio horiek elkarrekin bizi daitezen. Ene ustez, abertzaleon erronka da nazio-estatu printzipio hori gainditzea, beste bide batzuk jorratzea, eta beharbada, Europak berak ere beste ildo batzuk sakonduko ditu.
Lurraldetasuna ere ezinbesteko ardatza dela diote batzuek…
Lurraldetasunaren kontzeptua zehaztu beharko genuke lehenik. Orain, Euskal Herriaren mugak egungo zazpi herrialde historikoak dira. Historiari begiratzen diogularik, ordea, muga horiek aldatu dira. Garai batean, adibidez, Bordelen euskaraz mintzatzen zen. Historiak emandako lurretan oinarituta, ez goaz inora. Baiona aldean, esaterako, jende guztia frantsesa sentizen da, ez da euskaraz mintzatzen, baina hala ere, historikoki Euskal Herria da. Nola eraiki herri bat honelako muga artifizialekin? Horregatik diot estatu-nazioaren ideia gainditu behar dela
Eta Euskal Herriaren egungo zatiketa administratiboa aintzat hartuta, nola gauza daiteke autodeterminazio eskubidea?
ABren arabera, hastapenean, erreferenduma egingarria den tokian, erran dezagun EAEn, egin beharko litzateke. Gero, Irlandan bezala, beste bi egin beharko lirateke, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian. Abertzaleok hasi behar dugu lehenik gure eremu bat ukaiten, zinez librea eta euskalduna.
Frantziako Gobernua deszentralizazio prozesu bati ekitekoa da. Departamendua edo bestelako autonomia mailarik lor al lezake Ipar Euskal Herriak?
Gizartearen gehiengoa departamenduaren alde agertu da. Beraz, erran daiteke hemen demokrazia eskasia dela. Politikari frantziarrek diotenez, Hego Euskal Herrrian borroka armatua den bitartean, ez da departamendurik sortuko, abertzaleentzako oparia litzatekeelako. Korsikan, berriz, ikusi dugu autonomia edo beste proiektu batera joatea onartu dela; ez bakarrik eztabaida politiko bati esker, baizik eta bertan borroka armatua izan delakotz. Nonbait, horrek borroka armatuaren erabilpena zilegi bihurtzen du. Ipar Euskal Herrian borroka ez-bortitzak erabiltzen dira. Korsikan, berriz, borroka armatua erabili eta guk sekula lortu ez duguna lortu dute. Zerbait lortzeko aukera izan behar dugu. Ez dut uste, hala ere, heldu diren urteetan departamentua eskuratuko dugunik.  
Konponbidea Lizarra-Garaziko hitzarmena dela adierazi duzu. Zein oztopo dago honelako akordioa erdiesteko?
Kontzientzia falta da. Lizarra-Garazin, ez genuen sekula egiazko kontzientziarik lortu partaide guztien artean. Ikusi dugu Frantziako eta Espainiako estatuek ez dutela fitsik egin nahi. Ezker abertzalaren iritziz, bertzalde, EAJk ez du gauza handirik egin gauzak aitzinarazteko. Horrez gain, 17 hilabete pasa ondoren, ETAk su etena hautsi zuen eta ABren ustez, hori akats handia izan zen. Nola itzuli horretara? AB entseatu da prozesu berri bat jokatzen, aurtengo Aberri Egunaren karietarat. Ene ustez, egun, ametsa da erratea borroka armatua gelditu behar dela Lizarra Garazira joateko; ETA ahul dago eta kapitulazioa irudituko luke.
Azken asteotan Ibarretxe EAEko lehendakariaren proposamenak zer esan ugari eman du. Zer deritzozu proposamenari?
Proposamena ona da, gauzatzen bada, baina EAJk beste interes politiko batzuk dituela dirudi. Abilki ari da Ibarretxe: badaki erradikalago agertzen bada, beharbada ezker abertzalea are gehiago ahuldu dezakeela. Hor daude gure dudak: zer xerkatzen du Ibarretxek? Zintzoa ote da?… Bere erranak aski kontrajarriak dira, bertzalde. Legalitatea errespetatuko duela dio eta bien bitartean, EAEn erreferenduma egin nahi duela, jakinez erreferendum hori Konstituzioaren kontra doala. Ezkor naiz.