Peio Cachenaut: "Anitz dago ikasteko maite ez dugunaz"

Peio Cachenaut: "Anitz dago ikasteko maite ez dugunaz" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/peio-cachenaut-quotanitz-dago-ikasteko-maite-ez-dugunazquot/@@download/image/2012433942fotom_1368623942.jpg
2012/04/06
erreportajea
Testua: Saioa Baleztena
Zuberoako semea duela hamabost urte kateatu zen zinemagintzara, eta aurten zuzendu du lehendabiziko filma –"xora"–, zubereraz errodatu den aurrenekoa.


Zerk piztu zizun zinemaren harra?
Ez dakit. Zinemak bertze adierazpideek baino gehiago erakartzen ninduela konturatu nintzen. Pelikulekin topo egin eta horiek bizitza alda dezaketela, alegia.

Eta zer nahiago duzu: ikusle ala zuzendari?
Dudarik gabe, ikusle. Bi esperientziek ez dute antza handirik.

Zineman pelikula behar bezala ikusteko beharrezkoa duzu...
Ene begiak eta arreta anitz.

Eta etxean ikusi beharko bazenu?
Ber gauza! Garrantzitsuenak zaizkidanak horrela ikusten ditut.

Baduzu bigarren pelikula bat errodatzeko asmorik?
Bai. Bizpalau ideia nituen, baina horietatik bi batu dira berez. Gogo handia dut berriz idazten hasteko.

Zer nahiago: pelikula komikoa ala beldurrezkoa?
Pelikula komikoak dira zailenak, horregatik dira hain gutti, baina gehien maite ditudan filmak beldurrezkoen sailean sar daitezke.

Eta errealitatea ala fantasia?
Fantasiazko filmak ere gure egunerokoari mintzo dira; batzuetan, gainera, errealistak baino hobeki!

Zein duzu zuzendaririk kuttunena?
Aunitz daude, baina filmak ditut maite gehienbat. Lynch-ek eragin handia izan du ene ikusle bizian.

Gehien maite duzun soinu-banda, berriz...
Soinu-banda ideala zait bi hauen arteko nahasketa bat: Neil Young-en lana Dead man filmean, eta Angelo Badalamentirena David Lynch-en filmetan.

Eta zein guttien estimatzen duzuna?
Nahiago dut arreta maite ditudanetan ezarri baina, Robert Altmanek zioenez, anitz ikas genezake maite ez ditugunengandik.

Gainean behar duzu beti...
Ene betaurrekoak!

Eta zure logelan ezin da falta...

Liburu eta komiki andana, irakurtzekoak.

Itsasoa ala mendia?
Mendia, dudarik gabe!

Oporretarako paraje perfektua...
Ez dut, baina hirian leiteke bitxiki. Paris adibidez.

Zuberoako txokorik politena?

Asko daude, batez ere gainetan...

Eta bukatzeko, euskalgintzak gaur ezinbertzekoa du...

Ez da justifikatu beharrik. Badago eta kitto.