Peertube.eus: sortzaile askeentzako bideo plataforma berria

Peertube.eus: sortzaile askeentzako bideo plataforma berria Peertube.eus jaio da, euskarazko bideoak partekatzeko webgune irekia. Plataforma itxien antzeko zerbitzuak eskantzen ditu baina modu gertukoan, errespetutik eta libre. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/peertube-eus-sortzaile-askeentzako-bideo-plataforma-berria/@@download/image/peertube_content.png
2022/10/13

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Peertube.eus jaio da, euskarazko bideoak partekatzeko webgune irekia. Plataforma itxien antzeko zerbitzuak eskantzen ditu baina modu gertukoan, errespetutik eta libre.
Peertube.eus: sortzaile askeentzako bideo plataforma berria

Proiektu honen atzean Abaraskata taldea dago eta honela deskribatzen dira: “Pertsona librezale batzuek osatzen dugu. Gure helburua: fedibertsoa, software librea, euskara eta euskal kultura sustatzea da”. Zer da, ordea, zehazki, sortu duten peertube plataforma? 

Bertan Youtubek edota beste bide plataformek eskaintzen dituzten zerbitzuak eskaintzen ditu: bideoak kalitate onean sarera igotzeko aukera, kanal propioak sortzeko aukera, zuzeneko estreaming-ak, azpitituluak txertatzeko modua… eta noski, sareetan bertako edukia zabaltzeko beta. 

Beste plataformek ez bezala, ordea, hau librea eta federatua da eta edukiak zerbitzari propio batean gordetzen dira. Honela, peertube zerbitzari bakoitzak bere arau propioak izan ditzake, Peertube.eus-en kasuan iragarkirik ez onartzea adibidez. Gainera, beste peertube zerbitzariekin lotuta egon daiteke edukia elkarrekin partekatzeko (peertube.euskarabildua.eus). Ez da, beraz, plataforma isolatu bat eta munduko beste hainbat erabiltzailerengana iristeko aukera dago.

Adibide sinple bat jartzearren, beheko irudian ikus daitekeen moduan, Untxiak, Pandak eta Txakurrak, bakoitzak bere zerbitzari propioa dauka, bere arau eta erabilera baldintzekin, baina bata bestearekin lotzeko (federatzeko) aukera daukate beraien edukiak partekatzeko. Komunitate txikiak batuz, bideo plataforma osatuago bat eraikitzeko aukera dago.

Bestalde eta, azken honekin lotuta, zerbitzari bakoitzaren lan karga eta trafikoa arintzeko P2P teknologia erabiltzen du. Bideo bat bi pertsona batera erreproduzitzen hasten badira, bideoaren erreprodukzio datuak bi ikusle eta zerbitzariaren artean partekatzen dira, trafikoa arindu eta zerbitzariari lanak kenduz.

Honen guztiaren helburua euskal komunitatea, eta bereziki euskarazko bideogintzaren inguruan dagoen komunitatea sustatzea da. Doakoa izango da diru-iturriz larri dabiltzanentzat eta gainerakoen ordainketen bidez mantenduko da. Edukien gaineko kontrol gehiago izatea ere bermatu nahi da, pertsonen gaineko inolako datuen salmenta edo antzeko trataerarik gabe eta gertuko harremana izan ostatatzen duen taldearekin.

Abaraska taldeak dioen moduan: "Plataforma berri honen balioa euskaldunok ematen diogun erabileraren eta igotzen ditugun edukien araberakoa izango da. Izena eman eta probatzera animatu nahi ditugu bazter guztietako euskaldunak”.