Paul Urkijoren 'Irati' filmak emango dio hasiera Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteari

Paul Urkijoren 'Irati' filmak emango dio hasiera Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteari Urriaren 28an proiektatuko dute pelikula eta jaialdia azaroaren 4ra arte izango da abian. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/paul-urkijoren-irati-filmak-emango-dio-hasiera-fantasiazko-eta-beldurrezko-zinemaren-asteari/@@download/image/Irati 1 @ David Herranz.jpg
2022/09/13

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Urriaren 28an proiektatuko dute pelikula eta jaialdia azaroaren 4ra arte izango da abian.
Paul Urkijoren 'Irati' filmak emango dio hasiera Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteari

Sitgeseko Zinemaldiaren Sail Ofizialean estreinatu ondoren, Irati filmaren Euskal Herriko lehen proiekzioa Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 33. Astearen barrukoa izango da, urriaren 28an. Jaialdia irekiko du Paul Urkijoren bigarren film luzeak, eta azaroaren 4ra bitarte hainbat film ikusi ahal izango dira Antzoki Zaharrean, Victoria Eugenia antzokian eta hiriko beste hainbat tokitan.

Erdi Aroko garai ilun batean kokatzen da pelikula, VIII. mendean. Kristautasuna Europan zehar ari da zabaltzen, sinesmen paganoak galdu ahala. Pirinioak zeharkatuz, Karlomagnoren tropak aurrera doaz. Hala, haraneko buruzagiak laguntza eskatuko dio antzinako jainkosa bati. Odol-itun baten bitartez etsaia suntsituko du trukean bere bizitza emanda; aurretik, ordea, bere seme Enekori bere herria babestuko duela agintaraziko dio eta bera izango dela buru aro berrian. Urte batzuk geroago, Enekok misio batekin egingo dio aurre agindu horri: bere aitaren gorpua berreskuratzea, modu pagano batean Karlomagnoren altxorraren ondoan lurperatua. Kristau fededuna izan arren, Iratiren laguntza beharko du. Irati paganoa eta enigmatikoa da. Bi gazteak baso arrotz eta babesgabe batean barrena sartuko dira, non “izena duen guztia existitzen den”.

Urkijok berak idatzi eta zuzendu du pelikula eta hauek dira bertan parte hartu duten aktoreak: Edurne Azkarate, Eneko Sagardoy, Itziar Ituño, Nagore Aranburu, Elena Ruiz, Iosu Eguskiza, Kepa Errasti, Iñaki Beraetxe, Iñigo Aranburu eta Ramon Agirre.

Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren jaialdiaren ondotik, azaroaren 18an estreinatuko da zinema-aretoetan.

Sail Ofizialeko beste filmak
Jaialdiaren antolatzaileek Sail Ofizialean izango diren beste film luze batzuen berri ere aurreratu dute. Honako hauek izango dira proiektatuko dituzten lanak: Diego Hallivis-en American Carnage (AEB, 2022); Quentin Dupieux-en Fumer fait tousser (Frantzia, 2022); Neil Marshall-en The Lair (Erresuma Batua, 2022); Johannes Hartmann-en Mad Heidi (Suitza, 2022); Kim Hongsun-en Project Wolf Hunting (Hego Korea, 2022); Shinji Higuchi-ren Shin Ultraman (Japonia, 2022); Kristina Buozyte eta Bruno Samper-en Vesper (Lituania-Frantzia-Belgika, 2022); Raul Cerezo eta Fernando Gonzalez Gomez-en Viejos  (Espainia, 2022); eta Jacques Molitor-en Wolfkin / Kommunioun (Luxenburgo, 2022).