Paul Urkijo zinemagilea 'Irati' filmaren sortze prozesuaz arituko da bihar Donostiako Tabakaleran
Paul Urkijoren Irati filma joan den asteburuan estreinatu zen Hegoaldeko zinemetan eta lepo bete dira aretoak egunotan. Horren ondorioz, historiako euskarazko estreinaldirik onena izan da, ikusle gehien izan dituena alegia.
Lehenengo aldiz Sitgeseko jaialdian aurkeztu zen pelikula eta bertan bi sari jaso zituen: publikoarena eta efektu berezi onenen saria. Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean ere izan zen eta Ikusleen Saria lortu zuen. Goya sarietarako bost izendapen ere lortu zituen.
Estreinaldiaren ostean, Paul Urkijo Tabakaleran izango da bihar, 19:00etan, filma egitearen prozesuaren inguruko sekretuak kontatzeko. Antolatzaileek azaldu dutenez, "ez dira sekretu gutxi izango, Irati misterioz betetako mundu bat baita". Ikusleekin pelikularen materiala ere partekatuko du zuzendariak.
Marrazketa, fantasia eta mitologia
Paul Urkijo Alijo zuzendari eta gidoilariak (Gasteiz, 1984) umetatik izan du marrazketa eta istorioekiko zaletasuna. Literatura, komikiak eta zinema izan ditu beti lagun, fantasiazkoa batez ere. Mitologia eta ipuin tradizionalak irakurrizalea ere bada. 2008an, Arte Ederretan lizentziatu zen, eta ikus-entzunezko, ilustrazio eta infografia lanetan hasi zen. Hala, fikziozko eta animaziozko film laburrak idazten eta egiten hasi zen.
2016an, Patxi Errementaria ipuinean oinarritutako Errementari pelikula idatzi, zuzendu eta ekoiztu zuen. Orain, bere bigarren lan luzea aurkeztu du, Irati, euskal mitologian eta Euskal Herriko Erdi Aroko historian oinarritutakoa.
