Patxo Telleriaren 'Ai, gure juaneteak' ikuskizuna estreinatuko dute bihar Bilbon
Bilboko Loraldia Festibalaren barruan, Patxo Telleriaren Ai, Gure Juaneteak! estreinatuko dute bihar Bilboko Itsas Museoan. Ikuskizuna hibridoa da, hitza eta musika uztartzen dituena, eta Mikel Laboa abeslari eta musikagileari omenaldia egitea du helburu. Patxo Telleriarekin batera, Maider Lopez eta Adrian Garcia de los Ojos musikariak izango dira oholtzan
Telleriak Laboaren zenbait kantaren letren berrinterpretazio egin du, gaur egungo ikuspuntutik. Kantu hauek izango dira tartean: Hegazti errariak, Izarren hautsa, Bedeinkatua, Negu Hurbila, Lili bat, Oi Pello Pello, Haika Mutil, Baga biga higa, Ihes betea... Jatorrizko bertsioaren zati laburrak kantatuko dituzte tarteka, baina batez ere, kanta bakoitzaren ikuspuntu berriak eskainiko dituzte, "desegituratze eta desitxuratze erradikalarekin". Musika ere Laboaren kanten melodietatik abiatuko da, baina hitzak bezala, berezko bide berriak jorratuko ditu.
Telleriaren hitzetan, "hamarkadak pasa dira kanta horiek konposatu zirenetik eta ez dute galdu orduko indarra eta zirrara. Eta horrexegatik, gure ondare emozionalaren ezinbesteko zatia direlako, izan dut kantok berregituratzeko, berkodifikatzeko ausardia. Gureak direlako. Nireak direlako".

Eszenaratzea minimalista izango dela azaldu dute, protagonistei, hitzari eta musikari garrantzirik handiena emateko. Zumetaren iruditeri estetikoa baliatuko dute eszenografiarako, eta garai hartako agerraldi eszenikoen aurkikuntza estetiko eta eszeniko batzuk berrerabiliko dituzte.
Estreinaldia bihar, hilak 15, izango da, 19:30ean, baina beste hainbat hitzordu ere badira aurrerago: apirilaren 27an, Baigorrin; ekainaren 22an, Azkainen; urriaren 12an, Gernikan; urriaren 13an, Aretxabaletan; azaroaren 13an, Lazkaon; azaroaren 15ean, Bilbon; azaroaren 24an, Mutrikun; azaroaren 29an, Basaurin; azaroaren 30ean, Donostian; eta abenduaren 1ean, Sopelan.
