Patxo Telleriak idatzitako 'Alderray' antzezlana estreinatuko da gaur Bilbon
Tartean Teatroak Patxo Telleriak idatzi eta zuzendutako Alderray antzezlana estreinatuko du gaur Bilboko Arriaga Antzokian. Telleriak azaldu duenez, "narrazioen eta narratzaileen gorazarrea da. Bi protagonistak narratzaileak dira eta narrazioetan oinarrituta dago". Mikel Martinez eta Sandra Fdez. Aguirre dira antzezlaneko aktoreak.
Antzezlanaren nondik norakoa honela azaldu dute: "Alderray pertsonaien ehiztaria eta istorio kontalaria da. Horretan aritu da bizitza osoan, kalerik kale pertsonaia berezien bila ibiltzen. Sena du, giza fauna ugarian, kontatzea merezi duten istorioak antzemateko. Edozein kale kantoi edo plazatan, istorio horiek kontatzen dizkie entzun nahi dutenei, borondatearen truke. Alderray errari bizi izan da beti, askatasun osoan, nahita aukeraturiko bakardadean. Baina gaztaroa aspaldi joan zen eta orduko kemena galdua dauka. Orain askatasuna eta bakardadea erabatekoa zama bihurtu zaizkio.Une honetantxe agertu da bere bizitzan neska gazte bat, Alderrayren lanaren mireslea, bere ondoan ofizioa ikasi nahi duena. Bizitzak misantropo garratz eta asozial bihurtu du ehiztari zaharra, baina, hala ere, bere ondoan onartuko du, morroi gisa. Ustegabeko etorrera honek zerbait hautsi du Alderrayren barrenean. Pertsonaia batekin obsesionatzen hasi da. Ez daki nor den, baina gertu dagoela somatzen du, oso gertu. Pertsonaia hau ametsetan agertzen zaio, loa geldiaraziz, eta egunez ere ez dio bakerik ematen. Alderrayk galdu du beste pertsonaiarik harrapatzeko gogoa, bere arima torturatzen duen hura aurkitu, besterik ez du nahi".
Antzezlan hau "narrazioen narrazio bat bezala egituratuta" dagoela jakinarazi du konpainiak, "itxuraz independenteak diruditen kontakizunez osatua": "Hasieran, itxuraz, kontakizun hauek ez daukate zerikusirik protagonistekin, haien bizitzatik urrun dauden pertsonaiei buruzkoak dira. Baina ekintza aurrera doan heinean, narrazioak gero eta inplikazio gehiago daukate Alderray eta Morroiaren barneko munduarekin, halako moldez non, amaieran haien bizitzaren alderik esanguratsuena ezagutu eta haien minaren zergatiak ulertuko ditugun".

Gaur eta bihar izango dira emanaldiak, 19:30ean, eta sarrerak hemen eskura daitezke. Bilboko estreinaldiaren ondoren datozen hitzorduak honako hauek izango dira: martxoaren 18an, Leioan; apirilaren 7an, Santurtzin; apirilaren 27an, Iruñean; maiatzaren 13an, Basaurin; maiatzaren 20an, Gernikan. Udazkenerako ere badituzte emanaldiak lotuta.


