Patxiiii........ikusi star academy.....

Patxiiii........ikusi star academy..... https://www.gaztezulo.eus/albisteak/patxiiiiikusi-star-academy/@@download/image/36p56-1_1368639228.jpg
2003/12/05
erreportajea
Franc Dolossor
Patxiiii........ikusi star academy.....
Patxi izena modan dago berriro ere Euskal Herrian. Duela hilabete batzuk izen hori askotan entzun genuen telebistako iragarki batean. Orain, izen hori agertzen da Frantziako telebistako "Star Academy" lehiaketa ospetsuan. Izan ere, lehiakideetako bat Patxi Garat saratarra da.

Patxi Garat 1981ean sortu zen Donibane Lohizunen. Patxik Kanboko ikastolan ikasi zuen eta, gaur egun, Saran bizi da. 22 urte ditu eta ezkongabea da. Txutxumutxu aldizkarien arabera, neska lagunik ez du.  "Buruxori" ospea duen arren, gitar jotzaile honen lagunek diotenez, arduratsua eta sentibera da.   

Ikuskizunaren munduak ametsak piztu dizkio lapurtarrari. Joan den irailetik, Star Academy TF1 telebistako kantari lehiaketan parte hartzen ari da gaztea, eta ederki ari da. Lerro hauek idazterakoan, irabazle izan daitezkeenen artean dago.
Ipar Euskal Herrian kantuzaletasuna biziki hedatua da. Horrek argitu dezake, beharbada, Star Academy lehiaketaren hiru edizioetan Ipar Euskal Herriko bi gazte egon izana. Duela hiru urte, Jean Pascal Lacoste Donibane Lohizuneko gazteak ospe handia lortu zuen. Gaur egun, telebistako aurkezlea da eta disko bat plazaratu du. Bide bera egin nahian, Patxi Garat jo ta ke ari da lanean kantua, musika, dantza eta antzerkia ikasteko. Saratarrak ongi pasatzea eta, ahal bada, lehiaketaren hirugarren ekitaldiko irabazle izatea du helburu.

Seguraski, norgehiagoka honek ateak irekiko dizkio, etorkizunean, musika munduan edo telebistan lan egiteko. Izan ere, larunbatero, ia sei milioi lagunek ikusten dute "Star Academy". Aste egunetan ere milaka zalek bat egin ohi dute izarren eskolako ikasleen abenturekin. Eta aurtengo sailkapen orokorrean, ia ziur, toki onean amaituko du Patxik, lehiakide onenetakoa baita, ikusle gehienen ustez. Gauza bera erran diote Frantziako kantari ospetsuenek. Ikusi beharko.