Patxi Usobiaga: “Bidea ez kateatzea da beldur bakarra”

Patxi Usobiaga: “Bidea ez kateatzea da beldur bakarra” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/patxi-usobiaga-bidea-ez-kateatzea-da-beldur-bakarra/@@download/image/84p26patxi6_1363640486.jpg
2008/04/04
elkarrizketa
Testua eta argazkiak: Lander Garro
1980ko irailaren 7an jaio zen Eibarren. 62 kilo eta 1,74 metro. Arina, azkarra, zaildua, diziplinatua, burugogorra. Patxi Usobiaga da, Munduko Eskalada Txapelketa bitan irabazi duen armiarma isila. Txapelduna elkarrizketatu dugu apirileko zenbakian.

Gizakiak berezko mugak gainditzeko egin dituen ahaleginen inbentarioa osatuko bagenu, hamarnaka aldizkari beharko genituzke. Arrainak bezala igeri egiten saiatzen gara, edo hegaztiak bezala hegan egiten. Leopardoak baino azkarrago lasterka egiten saiatzen gara, eta baleak baino sakonago urperatzen. Mendateen gailurren artean kondorrak bezala planeatzen dugu, hodeien artean, eta izokinen gisara jaisten ditugu ibaiak. Gizakiaren berezko ezaugarria da gehiago izan nahi izatea: gehiago izateko borroka, sena edo instintoa.

Gizaki izatearen berezko mugaren aurka oldartzen direnak, gehien-gehienetan, kirolariak dira, eta kirolari horien artean, ahuntzak izateko bokazioa daukatenak ditugu gaur protagonista: eskalatzaileak. Hormarik pikoena, gaiztoena, makurrena gaindi dezakete, arrakala edo irtenune txikiena ia eskailera balitz bezala baliatuz.

Patxi Usobiaga eibartarra eskalatzaileen artean nabarmenetakoa da. Horman gora armiarmak bezala egiten du, arin eta ziztuan, eskuak hormari itsatsiko balitzaizkio bezala. Eskalatzaile bikaina da, eta munduko kopa birritan irabazi du. Hitz egiten duenean, mutil serioa da, iheskorra, hotza, bere baitan bizi den horietakoa. Eliteko kirolariek izan ohi duten aldarte ameslaria du, buruan bueltaka zerbait balu bezala, sekreturen bat, misterio kontaezinen bat, agian.

Horman gora armiarma bezala igotzen zara; dohain ikaragarriak behar dira horretarako.

Ez, ez. Nik ez dut dohain fisiko handirik. Lana erruz egin dut, hori bai, asko entrenatu dut. Horrela ibiltzeko, hori da formula. Agian dohain psikologikoak ditut. Zerbait nahi dudanean horren alde borrokatzeko indarra, obsesioa. Beste bertute guzti-guztiak lortutakoak dira.

Eskaileraz igotzen ari zarela dirudi, ordea: berezko zerbait ere izango duzu…

Tira, ez dakit, zer edo zer bai. Badira ni baino askoz ere lan gutxiago eginda oso ongi ibiltzen direnak, portento hutsak. Nik, entrenamenduak utzita, segituan galtzen dut forma. Ikaragarria da. Beste batzuk oso erraz iristen dira goi mailara, apenas lanik egin gabe. Baina nik oso garbi izan ohi dut zer nahi dudan, eta, esan bezala, horren alde borrokatzeko gaitasun handia dut, kontzentratzeko-eta. Aldez aurretik, nahi dudan hori nire barruan irudi bilakatzen dut, eta lortu arte ez dut etsitzen. Horretan superdotatua naiz. Bi urte hauetan, munduko txapelketan parte hartu aurretik, irudikatua nuen irabazlea izango nintzela, ezin zela ezer gertatu hura saihesteko.

Txapelketetan sekulako giroa izaten da, sekulako zalaparta: ez duzue kontzentrazioa galtzen?

Oihuek sarritan pistak ematen dizkizute. Batzuetan faltsuak dira, eta kontuz ibili beharra dago, baina askotan, lehena zoazela jakiten laguntzen dizute, inor baino gehiago igo zarela, txaloak asko areagotzen direlako. Baina kontuz ibili beharra dago, batzuetan oihuak ikusleen grina hutsa direlako. Nik ez dut jaramon handirik egiten. Dena ahazten dut, eta neure bidea egiten dut. Badituzu ahots batzuk buruan, eta haiei erreparatzen diezu batik bat, oso kontzentratuta egon arren. Hirurehun ahotsen artean, nahi duzuna bereizten duzu.

Bada une bat non sufrimendua ikaragarria den, zure mugara iristerakoan…

Bai, asko sufritzera iritsi zaitezke, baina ez pentsa horregatik erortzen zarenik. Gutxitan erortzen zara zure mugara iritsi izanagatik. Agian esku batek huts egingo dizu, baina ez zara jausten. Bidearen zailtasunaren araberakoa da hori, noski. Sintoma ohikoena ukondoak altxatzea da. Hor ikusten duzu oso nekatuta zaudela. Gerta liteke, baita ere, oso nekatuta joatea, eta hankak dardarka jartzea, edo orroak ateratzea. Nik orro handiak egiten ditut batzuetan. Baina sasoi hasieran gertatzen zait hori, bestela oso-oso gutxitan; batez ere harkaitzan gertatzen zait, denboraldia prestatzen ari naizenean. Sasoian nagoenenan, oso gutxitan.  

Ez da arraroa horma bat igotzea eta pentsatzea inork ere ez duela lortu, horma horretan, garaiera horretara iristea?

Ez dut uste hori horrela denik. Ezin duzu jakin hori egiteko gauza den beste norbait ote dagoen. Ordura arte inork lortu ez badu, horrek ez du ezer esan nahi. Egia esan, horrelakoetan, beste erronkak sortzen zaizkit, eta berehala hasten naiz haietan pentsatzen. Sarritan, elkarrizketetan-edo, esan izan didate ea egindakoaz ohartzen ote naizen, aurretik inork ez duelako lortu, eta abar, eta akaso, orduan ohartzen naiz, baina, esan bezala, ez dit askorako balio. Erronka berriak segituan aurkitzen ditut, aurrera jarraitzeko motibazio berriak. Ez dut inoiz pentsatzen bakarra izateagatik izugarria naizenik. Egia da ondorio batzuk dituela, inguruak eta hedabideek asko hitz egiten baitute, baina ez diet garrantzirik ematen.

Hor, goian, norbait edukiko duzu buruan.

Hor behean beti izaten da norbait. Sokaren beste aldean norbait egoten da beti, eta norbait horrekin konplizitate handia behar duzu. Hori pentsatzen duzu hor goian. Iratirekin, adibidez [Irati Andaz ari da, bere neskalagunaz], sekulako bide pila egin dut, baina ez dut sokakide bakarra. Edonorekin ari zarela ere, konfiantza handia behar duzu; bestela, ezin izango zenuke dena eman. Gauzak txarto eginez gero, arriskua egon liteke. Ezin duzu horretan pentsatu. Beldur bakarra bidea ez kateatzea da, ez ezer gertatzea, baina, hala ere, konfiantza osoa eduki behar da.

Eta garaipen handi bat lortutakoan, mila lagunen aurrean, hunkidura une horretan…

Ez dut horrelako inor, egia esan. Nik neronek egiten dut lan, askok lagunduta izan arren. Jende askok galdetzen dit ea nori eskaintzen dizkiodan garaipenak… Eta egia da, sarritan, arrakastaren ondoren, bat edo beste etortzen zaidala burura: "Kontxo, hau pozik egongo da", eta abar. Baina ni nago horman, ni ari naiz eskalatzen, ni ari naiz lehian, ni ari naiz lehian aritzeko borrokan.

Psikologikoki lan handia egin duzu?

Bai, asko. Sifolito programan izan nintzen, Kirolgik antolatuta. Asko ikasi nuen, baina duela pare bat urtetik ni neu naiz nire psikologoa (eta nire den-dena). Azken batean, sentsazio onak bilatzea da helburua.

Hormak gizakiak mugatzeko izaten dira normalean, eta batzuetan, hori oso nabarmena da: gaur egun Palestinan, adibidez. Zuk, ordea, hormak igotzen dituzu, gainditu. Askatasun sentimendua sortzen dizu horrek?
Bai, askatasun sentimendua ematen du; horma zenbat eta garaiagoa izan, orduan eta handiagoa da sentimendua. Hala ere, ez dut eskalada sekula parametro horietan kokatu. Eskalada, eskalada da. Aipatu duzunarekin ez dut zerikusirik ikusten. Saiatzen naiz eskaladaren baitan nire eboluzioa ikusten, nire pasioa garatzen, eta ezer gutxi gehiago.

Eskalatzeko bizi ala eskalatzeaz bizi?

Biak egiten ditut une honetan. Eskaladaz bizi naiz, eta eskalatzeko bizi naiz. Eskalatzen bizi naiz, gainera. Lanbide moduan planteatu dut, horretaz bizi naizelako, baina kirola da, eta kirola bezala bizitzen saiatzen naiz. Lanbide gisa ikusiko banu, ez nuke gozatuko, eta gozatzea garrantzitsua da.

Elitean ibiltzeko, oso txarra litzateke beste edozein lanbidetan aritzea, ezta?

Ezinezkoa. Hona etorri aurretik, gaur goizean, lau ordu egin ditut gimnasioan, eta arratsaldean ere gehiago ibili beharko dut, rokodromoan, beste hiru bat orduz. Diziplina ikaragarria behar da norabait iristeko, erabateko dedikazioa. Lanera joan eta handik atera ondoren entrenatzea, eta horrelako gauzak, horiek zentzugabekeria dira. Energia aldetik, adibidez, ezinezkoa litzateke, atsedena ere behar-beharrezkoa baita.

Grabitatea areriorik handiena duzue, baina zuek, askotan, grabitatearen pisua erabili egiten duzue; kanpotik ikusita, badirudi grabitatea ere lagun moduan erabiltzen duzuela.

Asko ibilita gertatzen da hori. Eskalatzailearen laguna, ordea, ingrabitatea da. Egia da, ordea, azkenean geure gorputza ondo ezagutzen dugula, eta grabitatea baliatzen dugula, ia derrigor. Askotan, konturatu gabe egiten dira gauza horiek, senarengatik. Inertziak, keinuak… teknika asko dago hor, eta gauzak aztertuta, alor horretan asko hobetu daitekeela ikusten duzu, nahiz eta ñabardura txikiak izan. Joko bat ere bada: grabitateak beheraka egiten du bultza, eta guk, gora.

[Eibarko kiroldegian egin dugu hitzordua Patxi Usobiagarekin. Mutil lasaia da, baina kementsua. Indarra eta oreka, biak nabari dira bere barruan. Bakoitza, behar duenerako baliatzen ditu. Eibarko kiroldegian aldaketa batzuk egingo dituzte, eta eskalatzeko rokodromoa arrisku larrian dago. Kiroldegiko eta Udaleko langileak batera eta bestera dabiltza, denek nahi dute txapeldunaren iritzia. Usobiagak tolesdurarik gabe hitz egiten du, garbi eta zorrotz. Herriko giroa dago, gertukoa. Denek ezagutzen dute elkar. Hartu-emanak bukatuta, berriz eseri da GAZTEZULOrekin hitz egiteko. Parentesiak moztu gaituela baliatuta, kirolaz haratagoko kontuez hitz egiten saiatuko gara, erronka oso zaila dela jakin arren. Ihes egiteko abilidadea horman gora egiteko adinakoa duelako Patxik: ikaragarria!].

Eskua magnesioaren zorroan sartzen duzue maiz; berez izerdia kentzeko omen da, baina badabil zurrumurrua, keinu horrek halako indarra ematen dizuela, Asterixi edabe ospetsu hark bezala.

Bai, erabat. Nik, adibidez, magnesio asko hartzen dut, eta gutxinaka joera hori gainditzen saiatzen ari naiz. Egin kontu, esku batez magnesioa hartzean, besteaz eutsi behar diozula pisuari, eta horrek besoak asko nekatzen dituela. Magnesioa ona da, baina neurrian. Eskalatzaileoi, ordea, hatzak lehor sentitzeak konfiantza modukoa ematen digu, eta horregatik sartzen dugu eskua etengabe poltsan. Magnesiorik gabe mugimendu asko egin ondoren, beldur moduko bat sortzen da, ez ote duten eskuek laprast egingo. Bitxia da.

Lehia amaituta, bakardadeaz gozatzeko, edo ihes egiteko, toki kuttunik baduzu?

Harkaitza da nire toki kuttuna. Astean zehar rokodromoan aritzen naiz normalean, eta asteburuetan, okerrik ez bada, mendira jotzen dut. Azkenean, motibazio bila jotzeko modua da, helburuak berritzeko. Mugimendu berriak, harkaitz berriak, horma berriak, kateatutu gabeko bide hura: hori da nire toki kuttuna. Berdin da non, bidea berria bada. Joan den asteburuan Matienzon (Kantabrian) izan nintzen, eta han bide berriak aurkitu nituen. Horrek astean zehar lan egiteko energia ematen dit.

Eskaladatik at galdetu dizut, kaleko jantzita, hormaz haratago: zutaz gutxi esaten duzu.

Zaila egiten zait nolakoa naizen esatea. Ni ezagutzeko modurik errazena nirekin egotea da. Norberari buruz hitz egitea zaila da.

Anbizioa eta elkartasuna ez dira erraz lotzen…

Ez. Hori onartu beharra daukat. Ni oso anbiziotsua naiz, eta horrek egoismoa areagotu egiten du. Helburu finko bat aukeratzen duzunean, eta helburu hori lortzeko dena ematen duzunean, nolabait, dena zuretzat eta zuregatik egiten duzu, eta, derrigor, zugana begira jartzen zaitu horrek. Horrela da, ezin da ukatu. Irati neskalagunarekin, adibidez, horrek talka bat baino gehiago ekarri dit. Bera ere lehian dabil eskaladan, eta nire antzeko bizimodua du. Nork bere helburuak bilatzen ditu, eta bere buruarengatik begiratzen du… Gero, ordea, elkarri energia ematen diogu.

Eibarri buruz zein iritzi duzu?

Herri txikia izan arren (ez gara 28.000 lagunera iristen), kristoren potentzia du Eibarrek, batik bat kirolari dagokionez. Futbolean, eskubaloian, gimnasia erritmikoan… Astelehena pilotalekua ere hor dago… Bestela, zatarra da. Hori mundu guztiak daki [kar, kar].

Zu elitean ibiltzeak eskaladaren inguruko giroa indartu duela nabaritu duzu?

Bai, bai. Munduko txapeldunordea izan arren, duela bi urtera arte ez nintzen asko azaltzen komunikabidetan, eta orduan eragin gutxi nuen, baina azken bi urteotan pila bat aldatu da, oihartzuna askoz ere handiagoa izan delako. Orain gaztetxo asko dabil rokodromoan, eta handik pare bat ateratzen bada, primeran. Eskalada kirol berezia da. Gazteek futbola egiten dute ikastolan, edo esku-pilota, ez eskalada. Egia da, bestalde, eskaladan hasten direnek ez dutela uzten. Droga modukoa bilakatzen da. Izugarria da: barruan sartzen da, premia bilakatu arte. Bada hor sufrimenduaren eta plazerraren arteko puntu bat, asko erakartzen duena. Esan behar da, gainera, arrisku kirola balitz bezala hartzen dela, eta horren inguruan ere mito handia dagoela. Guraso askori beldurra ematen die beren semea edo alaba eskalatzen ikusteak. Eskalada asko garatu da, ordea, eta oso segurua da. Gerta liteke zerbait, baina beste kiroletan bezala.

Astelehen goiza da, eta ez duzu eskalatzeko gogorik. Gaur ez zara entrenatuko. Zer egin?

Hori ezin da gertatu.

Baina jo dezagun...

Ez dakit!

Astelehen goiza da, ordea, eta arrazoi misteriotsu batek bultzatuta, ez entrenatzea erabaki duzu…

[Kar, kar] Atseden hartzea oso gustuko dut, adibidez. Asko bidaiatzen dut, asko ibiltzen naiz hara eta hona, eta atseden gutxi hartzen dut. Telebista aurrean jarri eta ezer egin gabe egon, atseden hartzearen plazerragatik. Botata egon, lagunekin hitz egin, niretzako denbora pixka bat hartu. Baina hori igandeetan egiten dut, ez astelehen goizetan. Erronkaren bat buruan badut (beti izaten dut), astelehena lan eguna da, eta lan egiten dut. Lehen ere esan dizut nire bertuterik handiena horixe dela, lanerako ahalmena. Sinesten dut egiten dudan horretan, eta sinesmen horrek ematen dit indarra egin behar dudan guztia pozik egiteko.

Asko bidaiatzen duzuela esan duzu: ez duzu turismorik egiten?

Gutxi, eta egia da faltan hartzen dudala. Turismoak nekatu egiten du, asko ibili behar da oinez, eta, kirolaren ikuspegitik, ez da komenigarria.

[Argazkiak egiteko, kiroldegiko rokodromoa erakutsi digu Patxik. Toki iluna da, ia zatarra, baina Patxik palazioa erakusten ariko balitzaigu bezala jokatzen du; "Nire txokoa da", diosku. Ikaragarria da horma txiki hauen artean zenbat ordu sartu dituen imaginatzea, baina, une honetan, Usobiagaren kezka, justuki, txokoa kolokan dagoela da. "Hau kentzen badigute, nora joan behar dugu?", galdetu du eibartarrak. Kamera aurrean natural paratzen da Usobiaga, pinpirinkeria handirik gabe, baina dotore. Argazki saioa amaituta, eskua estutu digu, eta hauen garraztasuna deigarri egin zaigu. Eskuak erakusteko eskatuta, lilura sentitu dugu: esku puska deigarriak ditu, benetan, Edward Scissorhands-ek bezala. Sakrifizioaren eskuak dira. Txapeldunarenak].

Patxi Usobiagaren kuttunak



Literatura: Memorias de una geisha (Arthur Golden, 1997): “Duela bi urte irakurri nuen. Izan ere, osorik irakurritako azken liburua da. Asko gustatu zitzaidan”.
La sombra del viento (Carlos Ruiz Zafon, 2004): “Hau orain irakurtzen ari naiz, baina zatika ari naiz, denborarik gabe. Irakurritakoa asko gustatu zait”.
Musika taldea: Linkin Park.
Diskoa: Rolling Stones-en Stripped (1995).
Kanta: Angie.