"Patxi Ros Saria" lasterketa nudista uztailaren 2an Barinatxen

"Patxi Ros Saria" lasterketa nudista uztailaren 2an Barinatxen https://www.gaztezulo.eus/albisteak/patxi-ros-saria-lasterketa-nudista-uztailaren-2an-barinatxen/@@download/image/20116295097lasterketa_nudista_2.jpg
2012/12/13
berria
"Patxi Ros Saria" lasterketa nudista uztailaren 2an Barinatxen
Filosofia nudista eta bizimodu osasuntsuaren arteko lotura azpimarratzeko urtero antolatzen du lasterketa hau Euskal Naturista Elkarteak.

Eguzkiak geroz eta indar gehiagorekin estutzen duen egun hauetan naturaltzat jotzen dugu arropak arinduz joatea. Nudismoak naturaltasun hori aldarrikatzen du biluztasunaren aurrean; biluzik egotea eskubide bat, sentsazio atsegin bat eta hainbat konplexu eta aurreiritziren aurkako txertorik onena dela defendatzen du.

2003tik urtero uztaileko lehen larunbatean zientoka lagun agertu ohi da Sopelako hondartzara ideia horiek aldarrikatu eta goiz pasa polit bat egitera. Inguru hauetan ezagutzen den ekimen nudista jendetsu eta entzutetsuena bilakatu da honezkero.

Eguerdiko hamabietan emango zaio irteera lasterketari, itsasbeherarekin bat eginez, eta bost kilometro izango ditu. Sei maila bereiziko dira: gizonezkoena, emakumezkoena, beteranoena (40 urtetik gorakoentzat), infantila (14 urtetik beherakoentzat, distantzia erdia egin beharko dute hauek), eta elkarteko gizon nahiz emakumezkoena.

Izen ematea hondartzan bertan egin daiteke larunbat goizean lasterketa hasi baino ordubete lehenago arte. Hondartza eder batean biluzik korri egitearen sentsazioak probatzeko modukoa ematen du. Noizbait nudismoa praktikatzeko gogoa izan baina lotsagatik egin ez duenak ez dezala aitzakiarik jarri, animo!


Hondartza nudistak Euskal Herrian


Nudismoa ez da hondartzara mugatzen, badaude igerileku nudistak, akanpaleku nudistak... baina inguru hauetan hondartzetan praktikatzen da batez ere. Honakoa litzateke zerrenda:

Getxo: Azkorri, Arrigunaga eta Barinatxe
Sopela: Barrika
Ibarrangelu: Anzorak
Ea: Natxitua
Ipazter: Ogeia
Lekeitio: Hendai
Mutriku: Saturraran
Zarautz: San Pelaio
Donostia: Monpas eta Murgita eta Tximistarri kalak
Hondarribia: Jaizkibelgo kaletan.
Hendaia: Bizkiak eta Loia
Bidarte: Erretegi kala
Miarritz: Ehun eskailerak
Angelu: bertako hiruzpalau kaletan