Patxi Puñal: "Futbolari arrakastatsuek egonkorrak behar dute izan"

Patxi Puñal: "Futbolari arrakastatsuek egonkorrak behar dute izan" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/patxi-punal-quotfutbolari-arrakastatsuek-egonkorrak-behar-dute-izanquot/@@download/image/20121252431patx_1360064686.jpg
2012/12/05
elkarrizketa
Testua: Maialen Goñi, Argazkiak: Irantzu Pastor
Entrenamenduetara iristen lehena, arduratsua eta zuzena da Patxi Puñal (Uharte, 1975). Osasunako kapitaina kasik hutsik egin gabe irten da zelaira azken hamaika denboraldietan, hamar zenbakia bizkarrean. Pasio kontua.

Lesionatuta dago, baina gainontzeko taldekideekin batera Taxoarera joaten da, mindutako giharra gimnasioan indartzera. 12:00ak pasatakoan, dutxaren ostean hartu gaitu, eta denbora gutxi duen arren, kexatu gabe jarri  da kamerari begira eskatutako lekuetan. "Oso fotogenikoa da", komentatu digu albotik pasa den agureak, Puñal agurtu ostean. "Baina argazkirik onena falta zaizue! Jar dadila eskopeta altzoan balu bezala, uso bati tiro egiteko prest. Ehiztari bikaina da!" gaineratu eta barrez urrundu da. Ez dugu halakorik egin, baina jokalariari irribarrea ateratzea lortu du.

Urrian gorritxo moduan partida gehien jokatu dituen jokalaria bilakatu zinen, 464 orotara, Jose Manuel Etxebarriaren marka hautsiz. Galdera derrigorrezkoa da: Nola sentitzen zara halako lorpen baten ostean?
Harro, argi dago, baina uste dut jokalari batek, txapelketako zurrunbiloan sartuta dagoenean, ez diola halako gauzei garrantzirik ematen. Pixkanaka iritsi zaizkit errekorrak –talde berarekin Lehen Mailan partidu gehien jokatu dituen jokalaria bilakatu zen 2011n–, baina Osasunaren kamiseta soinean daramala partida gehien jokatu dituen jokalaria izateak, beharbada, egin dit ilusio gehien. Hemengoa naiz, haurra nintzela Sadarrera joaten nintzen partidak ikustera, eta taldetik jokalari on eta garrantzitsu asko pasatzen ikusi ditut; horien gainetik errekorra lortzeak oso harro sentiarazten nau.

Egun berezia izan zen, Oihan semearekin irten zinen berdegunera, Etxebarria ere bertan zegoen…

Berezia izan zen, bai, baina partida lehenbailehen has zedin nahi nuen une hartan, ez nuen besterik buruan taldea egoera zailean zegoelako eta irabazteko beharra genuelako ¬–Osasuna txapelketako azkena zen–. Banekien zer edo zer prestatuko zidatela, baina ez nintzen galdetzera ere hurbildu, eta zelaira irtendakoan taldekideen kamisetak ikusi nituen 464 zenbakiarekin, nire emaztea ere han zegoen haurrarekin… Oso hunkigarria izan zen, ez nuen espero.

Lorpenaren harira, hitz politak jaso dituzu alde guztietatik. "Zelai gaineko entrenatzailea da, nola kokatzen den, nola mugitzen den, jokoa nola antolatzen duen ikusi besterik ez dago", Cuco Zigandaren hitzak; eta zure taldekide Cejudorenak: "Osasunak, hein handi batean, Puñali esker daramatza horrenbeste urte Lehen Mailan".

Eskertzen dira, eta bereziki norengandik datozen ikusita. Baina tira, Zigandak esandakoa ohikoa da, taldeetan pisua duten jokalariak beti izaten dira zelai gaineko entrenatzaileak.

Lotina, Agirre, Cuco, Camacho, Mendilibar… Denentzat dudagabeko 10 zenbakidun jokalaria izan zara. Zein da sekretua?

Ez dakit, baina nigan sinetsi dute denek. Dakidan hori ahalik eta hoberen egiten saiatu naiz, ez besterik.

Elkarrizketa alde atseginetik hasi dugu, baina ezinbestean jo behar
 dugu parte desatsegin edo delikatura. Osasuna azkena da ligan bederatzi punturekin —elkarrizketa egiteko unean hala zen—. Zer falta zaio taldeari, zerk egiten du huts?
Ez nuke gauza konkretu bat esaten jakingo, baina argi dago denboraldia ez genuela gaizki hasi, partida dezente samarra egin baikenuen A Coruñan, eta Bartzelonaren aurka ere ongi aritu ginen arren, ez genuen irabazterik lortu. Ondoren kanpoan jokatu genuen, eta ohikoa den moduan, taldea ongi egon arren, garaipenik lortzen ez badu, zuloan sartzen hasten da. Azken jardunaldietan hobeto aritu gara, eta ea pixkanaka jaitsiera postuetatik irteten garen. Hasiera txarra denboraldi osoan zehar gainean eraman beharko dugun zama izango da, baina badakigu gorago egoteko moduko taldea dugula.

Zaletuak, baina, nekatzen ari dira; emaitzak ikusi nahi dituzte eta txistu egin dute hainbat partidatan. Ulertzen dituzu?

Zaletuei ezin diegu gehiago eskatu. Urduri daude eta normala da. Zaleen sektore batek txistu egiten du, eta beste batzuk horiek isilarazten saiatzen dira. Baina orain arte eman diegun gutxi hori kontuan izanda, ezin gara kexatu. Beraiek ere emaitzak ikusi eta taldeak anima ditzan behar dute, ondoren haiek gu animatzeko.

Eta albiste txarrekin jarraituz, lesionatuta zaude: urriaren erdialdetik zuntz haustura duzu ezkerreko bikian. Nola doa osaketa prozesua?

Ongi, ustekabekorik gabe. Espero dut abendurako jokatzeko prest egotea.

Zure ibilbidean, baina, oso gutxitan izan zara minduta, jokatu ezinik. Zorte kontua da, ala prestaketa fisikoa?
Denetarik! Batzuetan zortea, bestetan genetika, baita azkarra izan eta jokaldi arriskutsuetan ez sartzen jakitea ere.

[2001ean, 26 urterekin, egin zuen debuta Lehen Mailan. Aldez aurretik, klubeko beste mailetan aritu zen, Osasuna B-n eta Osasuna Promesas-en, eta baita Oberena talde nafarrean ere, Hirugarren Mailan. Kategoriarik altuenera salto egin aurretik Leganesen trebatu zen utzitako jokalari moduan 1999 eta 2001 bitartean, eta horren ostean heldu zen Lehen Mailara. Geroztik ez da Iruñeatik mugitu, eta dudagabeko kapitaina da.]

Argi dago talde sentimendua barruan daramazula.
Dudarik gabe. 2001ean debuta egin nuen arren, bizitza osoa daramat Osasunan, hortzak ere bertan atera zaizkit. Bederatzi urterekin hasi nintzen eta geroztik kategoria guztietan jokatu dut. Taldearekiko sentimendurik izango ez banu, sentimendurik gabeko pertsona nintzateke.

Haurra zinenean, baina, Osasunakoa zinela, Athletic-ek erakartzen zintuela eta Real Madril gustatzen zitzaizula zenion. Sentimendua adinarekin batera heldu al zen?

–Barrez– Zaila da azaltzen! Garaiaren araberakoa da, gazteak ginenean Real Madrilek irabazten zuen dena, eta futbola atsegin zuen edonori gustatzen zitzaion taldea. Orain Bartzelonarekin gertatzen den moduan, esango nuke.

Moda kontua al da ba?

Moda beharbada ez, baina haurra zarela talde irabazleak, besteen gainetik erraz pasatzen direnak gustatu ohi zaizkizu, eta garai hartan Madrilen jokoa ikaragarria zen.

Egia da, ordea, zu bezain jokalari fidel gutxi daudela egun, ibilbide osoa talde bakarrean egin dutenak. Merkantziak dirudite, produktuak bailiran saltzen eta erosten dira jokalariak.

Oso zaila da ibilbide osoa talde bakarrean egitea, urtez urte indartsu mantendu eta etenik gabe jokatu  behar duzulako. Baina jokalari bakoitzaren izateko eraren araberakoa ere bada; niri, esaterako, ez zait sekula gustatu kontratuak iraungi arte ez berritzea, azken urtera arte agoantatzea, kanpora joateko aukera onak izateko. Zentzu horretan, etxean egoteari garrantzi handia eman diot; familia hurbil izatea, eta lagunak eta senideak harmailetan daudela jakitea ezinbestekoa da, eta nire lorpenak haiekin konpartitzea. Oso eroso egon naiz etxean, asko gozatu dut futbolaz, eta taldeak ere ongi zaindu eta asko baloratu nau. Hitzarmena amaitu baino lehenxeago deitu izan didate beti eta akordio batera iritsi izan gara kontratua luzatzeko, babestuta egotea gustatu izan baitzait, ez talde bat nigatik galdezka noiz etorriko zain egotea. Eta etorrita ere, hemen jarraitu nahi izan dut beti.

[Jubenilen taldetik Promesas-era pasa behar zuenean, Lotina entrenatzaileak argi utzi zion postu berean jokatzen zuten lau lagun zeudela bere aurretik zerrendan, eta aulkian geratu beharrean, Hirugarren Mailako Oberena taldera joatea erabaki zuen. Bertan zebilela Lucas Girling enpresan sartu zen beharrera, produkzio katera, gaueko txandan.]

Nola oroitzen duzu garai hura?
Oroitzapen onak ditut, nire bizitzako beste etapa bat izan zen. Aurrera ateratzeko lan egin beste erremediorik ez nuen, eta hiru urtez izan nintzen enpresan. Promesas-era itzuli nintzenean, baina, lana uzteko eskatu zidaten; nik kontratu finkoa nuen enpresan, eta beharra uztekotan gutxienez nire soldata adina ordain ziezadaten eskatu nien taldeko ordezkariei. Ezetz esan zidaten, eta Oberenan jarraitu nuen lana eta kirola uztartuz hainbat hilabetez. Denboraldia amaitutakoan, lanean eszedentzia eskatu eta, orduan bai, Osasunara itzuli nintzen.

Futbolari bati baino gehiagori ongi etorriko litzaioke kiroletik at lan egitea…

Baietz uste dut. Oso gustura egon nintzen, eta kaleko jendea nola bizi den ikusteko balio izan zidan. Horren ondorioz, are gehiago baloratzen dut zer den hona etortzea, gustatzen zaidana egitea, nire gorputza zaintzea, kalean zoazenean jendeak zu ezagutzea… Futbola kanpotik ikusteko balio du, nolabait esatearren, eta nor bere lekuan jartzeko.

Arestian esan dugu 26 urterekin egin zenuela debuta Lehen Mailan, berandu samar, gaur egungo gaztetxoekin alderatuz. Zerk eragotzi zizun saltoa ematea?

Ez nengoen prest, eta batetik bestera ibili nintzen heldu egin arte, ez soilik kirol arloan. Madrilera Bigarren Mailan jokatzera joatea –Leganes taldean– eta etxetik irtetea onuragarria izan zen.

Zu definitzeko hitzik egokiena egonkortasuna da: hamaika denboraldi egin dituzu talde berean, jaio zinen etxe beretik gertu bizi zara, 19 urte daramatzazu zure bikotekidearekin…

Futbolari arrakastatsuek egonkorrak behar dute izan, dudarik gabe, eta zentzu guztietan gainera: lagun artean, emozionalki… oinarrizkoa da.

Baina ez da ohikoena…

Ez, ezta erraza ere! Batetik bestera dabiltzan jokalari horien kasuan, bereziki. Bikotekideentzat gogorra da erritmoa agoantatzea, haien atzetik ibiltzea… Jende asko hurbiltzen zaie, eta badakizu, gazteak dira eta txoritxoak dauzkate buruan!

Emaidazu iritzia honako hiru kontu hauen inguruan: Futbola talde kirola den arren, ospea eta meritua eskuratzen dutenak izar indibidualak dira, baita soldata estratosferikoak dituztenak ere.

Denetarik behar da, bereziki mota horretako taldeetan –Real Madrilez eta Bartzelonaz ari da–. Guk ez dugu halakorik, baina txapelketa guztietan ari diren talde handiek aldea markatuko duten jokalariak behar dituzte. Denak onak izan arren, gauzak zailtzen zaizkienean, partidak erabakitzen laguntzen diete izarrek.

Futbola beste kirolen gainetik dago, alderdi ekonomikotik haratago, prentsan, publizitatean eta oro har gizartean duen presentziari
 dagokionez. Besteak gutxietsita geratzen dira.
Hala da. Jende olde ikaragarriak joaten dira futbol zelaietara, Osasunak jokatzen duen egunetan Iruñeara etortzen diren zaleak ikusi besterik ez dago, 20.000 lagun inguru biltzen baitira. Gainontzeko kirolekin ez da hala gertatzen, eta horrek komunikabideei, babesleei, publizitate agentziei eta abarri eragiten die. Ez dakit zein den arrazoia, baina ulergarria da gainerakoak errealitate horren aurrean babes gabe sentitzea.

Iragan maiatzean jakin ahal izan genuen futbol taldeek 570 milioi euroko zorra dutela Ogasunarekin, eta honek 2020ra bitarteko epea eman die kontuak eguneratzeko. Bitartean, herritarrak etxerik eta laguntzarik gabe geratzen ari dira, auskalo 2020an nola egongo garen!

Futbolaren mundua ere bere aukeren gainetik bizi izan da orain arte. Masak erakartzen ditu, jendeak pasioz bizi du, baina errealitatea eutsi ezinezkoa da, eta lehenbailehen amaitu behar dugu horrekin. Ulerkorra da jendea asaldatuta egotea, ni ere hala nago. Egia da diru asko sortzen duen kirola dela, eta irabaziak etengabe ematen dituela, baina denak du bere muga, eta klubek zor dituzten diru kopuru itzel horien aurrean neurriak hartu behar dituzte. Eta apurka hasi dira ordaintzen, jokalari handiek beren soldatari eusten dioten arren, erdi mailatik beherako jokalariak asko sufritzen ari dira.

Aldiz, badira, futbolariak adina edo gehiago saiatu, entrenatu eta emaitza onak lortu arren, diru irabazirik apenas jasotzen duten kirolariak. Orain gutxi jakin dugu, esaterako, Bizkaiko Foru Aldundiak goi mailako kirolarientzako laguntzak deuseztatuko dituela 2013ko aurrekontuetan.

Ez zait ongi iruditzen. Futbola bezalako kirol pribilegiatuek ez dute halako laguntzarik behar, baina atletek, igerilariek, txirrindulariek… eta beste askok ezinbesteko dituzte, urteko 365 egunak eta gauak eskaintzen baitizkiote gustuko duten horri.

Zuk aipatu duzun futbolari postu "pribilegiatu" horretatik nola ikusten da krisia? Ez al zaizue barrenean zerbait dantzan jartzen jendea nola dabilen ikusita?

Guk ere nabari dugu krisia! Azken aldian klubek gerrikoa estutu behar izan dute, eta soldatari edo kontratuari buruz hitz egiteko dei egin digute gehienoi udan. Negozioren bat muntatu dutenek hor nabaritu dute krisia, beste batzuek lagun edo ezagunen bat larri dute hurbil, eta gehienoi kalean eskean etorri zaizkigu. Gertatzen denaz kontziente gara, eta ahal dugun neurrian solidario izaten saiatzen gara, ezin dugu besterik egin!

Egin dezagun salto orduan ekonomiatik politikara. Hirutan jokatu duzu Euskadiko Selekzioa zenarekin, eta Nafarroakoarekin ere aritu zara. Zenbat du futbolak politikatik? Zein neurritan eragiten dio?

Ahalik eta gutxien eragin diezaion ahalegintzen gara, politika eta kirola nahasteak arazoak baino ez baititu ekartzen, bereziki gure inguruan, nafarrak bananduta dauden zonaldean, eta selekzioen partidak iristen direnean jendea urduritu egiten da.  Baina futbola futbola da, eta politika politika. Euskadiko Selekzioa zen horretatik dei egiten zidatenean, oso pozik joaten nintzen, bertako jokalariekin gauza asko konpartitzen baititut; eta Nafarroakotik hots egin zidatenean beste horrenbeste. Nire ideia politikoak kontu bat dira, eta futbola beste bat, baina ulertzen dut hemen inguruko zenbait jokalarik, Euskal Herriko Selekziotik dei egiten dietenean ez joateko erabakia hartzea, atentziorik ematen ez dielako. Bakoitzak bere hautuak egin behar ditu.

Markel Susaeta Athletic-eko jokalaria ere ur handiegitan sartu zen pasa den hilabetean Espainiako Selekzioa hitza ekiditen saiatu zenean…

Ez zen fin ibili, ez, baina hanka-sartzea izan zela uste dut. Hainbat albistegitan, ordea, testuingurutik atera eta beste irudi batzuekin nahastu zuten kontua –Euskal Selekzioaren alde orain urte batzuk egindako manifestaldietako irudiak–, eta horregatik kontuz ibiltzen saiatu behar gara.

Beste intentziorik gabe galdetzen dizut: erretiratzeko ordua ere laster helduko da, ezta?

Hogeita hamazazpi urte ditut eta, futbola uzteko garaia urrun ikusten dudala esango banizu, gezurretan ariko nintzateke. Oraingoz, baina, gozatzen jarraitzen dut, eta ezusteko honen gainetik –lesioa– denboraldi honetan eta datorrenean jokatzen segituko dut.

Eta gero zer? Ez omen duzu zure burua entrenatzailetzat ikusten…

Ez, hori argi dut. Entrenatzaile izatea oso gogorra da, besteak baloratu eta epaitu behar dituzu uneoro. Badakit gozatuko nukeela, gaztetxoekin bereziki, baina goi mailako entrenatzaile izan eta batetik bestera ibiltzea ez da nirea, bizimodu gogorregia da, ez nago prest horretarako. Non amaituko dudan? Ez dakit, unea heltzean pentsatuko dut.