Patxi Juaristi Azkuek irabazi du Ilustrazio Zientifikoa lehiaketa
Patxi Juaristi Azkue azpeitiarrak irabazi du Ilustrazio Zientifikoaren lehiaketaren hirugarren edizioa. Plentziako Itsas Estazioak eta EHUko Ilustrazio Zientifikoa graduondoak antolatutako lehiaketak itsaspeko fauna eta flora hartu du gaitzat.
Juaristik azaldu duenez, ilustrazio zientifiko klasikotik pixka bat aldendu eta erabat bukatu gabeko marrazki bat aurkeztea erabaki zuen, "honelako marrazki bat egiteko dagoen lana biluzteko asmoz": "Erabat bukaturik dauden parteak, koloreztaturikoak nolabait, gouache teknika bidez buruturik daude. Bestalde, grafitoa erabili dut, gorpua marrazteko eta, honela, irudia burutzeko lehenik garatu behar den bozetoa azalduz. Irudi nagusiaz aparte, beheko arrain multzoa, perfil irudia gauzatzeko eginiko bozetoz osatua dago. Ondoren edizio digitalaz baliatu naiz konposizioa osatu eta fondoa koloreztatzeko. Hots, teknika mixtoa erabili dut bukaerako irudia sortzeko".

EHUko Ingeniaritza Industrialeko ikasketak egin zituen Donostian eta Bilbon, eta hamar urtez aritu da lanean. Ilustrazio Zientifiko berezko graduondoko ikasketekin hasi zen irailean.

