Patxi Eugi: "Kirolariei ezin zaie parranda kendu"

Patxi Eugi: "Kirolariei ezin zaie parranda kendu" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/patxi-eugi-quotkirolariei-ezin-zaie-parranda-kenduquot/@@download/image/5p16-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Asier Azpilikueta
Patxi Eugi: "Kirolariei ezin zaie parranda kendu"
Duela 29 sortu zen Agoitzen, eta bertako klubean hasi zen pilotan, sei urte zituelarik. Dozena bat urte geroago, Patxi Eugi munduko txapelduna izan zen Kuban, eta orduan ekin zion gailurrerako bideari. Iragan urtean inork baino txapela gehiago irabazi zituen.

2000ko manomanistaren finala Belokiren aurka: "Pilotazaleek partida morbosoak ikusi nahi dituzte; hemen dute bat". Hori da pilotazaleek nahi dutena? Morbodun partidak?
Baietz uste dut. Belokik eta biok betidanik izan dugun lehiak zaleen arreta bereganatzen du. Ttikitatik izan gara aurkariak. Eta hori da zaleek nahi dutena, lehia, norgehiagoka.
Lehiak betetzen ditu frontoiak?
Bai. Lehia eta, nolabait, tirria dagoenean zalea horretan sartzen da.
Frontoiak beterik, pilota profesionalizaturik, publizitate ugari, telebista… Nola ikusten duzu pilotaren egungo egoera?
Ongi ikusten dut, oso momentu onean, goranzko bidean. Pilotaz leku anitzetan hitz egiten da, pilota asko ikusten da.
Profesionalizazio hori dela eta, gehiago eskatzen zaio pilotariari?
Pilotariari asko exijitzen zaio, beti exijitu zaion moduan. Kontua da gaur egun txapelketa gehiegi dagoela. Ez da lehen bezala, buruz burukoa eta binakakoa zeuden, eta kitto. Bat egin eta urtea libre zenuen. Orain asko dago.
Mikel Goñiren kasua gogoan. Frontoitik kanpo ere kirolari izatea exijitzen zaizue?
Ezbairik gabe, kirolariak irudi hori mantendu behar du, baina nik uste dut zerbait arraroa gertatzen denean exageratzen dela, behar baino gehiago. Mikel Goñiren kasuan, nik uste dut gauza asko exageratu direla.
Eta zuk, parrandarik egiten duzu inoiz?
Dudarik gabe, parrandak egin behar dira. Nik egin izan ditut eta eginen ditut. Gazteak gara eta hori aprobetxatu behar dugu. Baina, halaber, jakin behar da zein den momenturik aproposena. Parrandak egitea ezin zaio inori kendu, ezta kirolariei ere, are gutiago gazteak badira. Hala ere, ordena pixka bat behar da.
Maiatzean Iñaki jaio zitzaizun. Horrek parranda kopurua mugatuko zizun, ezta?
Tira, parranda askorik ere ez dut egiten. Dena den, nire ustez, egiten ditudanak ongi hartzen ditu Leirek (emaztea).
Iñakiren jaiotzak islarik izan du jokoan? Hobeki ikusten duzu zure burua eta hobeki jokatzen duzu?
Emaitzek agintzen dute. Emaitza onak lortzen badituzu, arrazoia zure ezkontzan edo zure haur jaio berrian aurkitzen saiatzen da jendea. Eta emaitza txarrak badituzu, zure bizitzan gertatutako azkenekoari egozten dizkiote. Ez da horrela, ordea. Pilota alde batean dago eta familia bertzean. Dena dela, dudarik gabe, bata ongi badago, bertzea ere normalean ongi dago.
2000koa izan da zure urterik onena?
Urte garrantzitsua izan da. Jokoari dagokionez, akaso, azken urteetako mailari eutsi diot. Iaz gertatu zen joko maila ona izateaz gain, finaletan ongi jokatu eta tituluak irabazi ditudala.
Eta 2001rako zer?
Sasoian jarraitzea, jo eta ke saiatzea eta txapelketetan bukaerara arte ailegatzea. Txapelak nahi ditut, noski, baina hobe da helburua ongi jokatzea izatea.
Kantxan odolberoa zara, jeinu txarrekoa. Beharbada horregatik falta zaizu binakako txapela...
Ez, hori ez da arazoa. Kontua da pilotari batzuk hobeki aritzen direla buruz burukoan eta bertze batzuk, aldiz, bikoteka. Horrez gain, egokitzen dizuten bikoteak ere garrantzia handia du. Normalean enpresak bikote finalistak osatzen ditu.
Ezin ukatu, hala ere, odolberoa zarela...
Bai, noski. Eta ni bezala, bertze asko. Kirolariak halakoxea izan behar du. Pilota munduan, kirol munduan orohar, mantsoa izatea ez da ona. Nahiago dut kirolari bizia izan.
Pilotak ere biziak?
Frontoiaren eta distantziaren arabera.
Gorri ala urdin?
Gorria, hagitz atsegin dut.
Eta frontoia?
Labrit da gogokoen dudana, bertan egin bainaiz pilotari, bertan jokatu dut partida gehien.
Frontoietan, baita Labriten ere, zigarro puru izugarri handiak erretzen dituzte. Traba egiten al dizu?
Tira, ohitu egin naiz. Baina hasieran, lehen partida haietan, lainoak frontoia hartua zuela zirudien. Izugarrizko ke pila ikusten zen. Kosta egin zitzaidan, baina hala ere, ohitu egin naiz. Argi dago erretzea ez dela batere ona kirolariarendako, baina ulertzen dut pilotazaleari ezin zaiola purua kendu.
Hau da, ez dugu debekatuko.
Nire ustez, erretzea ez da ona, ez guretako, ezta ikusleendako ere. Baina ezin zaie kendu. Akaso, ttikiagoak erre ditzaten eskatu, Roslis horietakoak edo.