Patrick Rothfuss: Fantasiaren haizea

Patrick Rothfuss: Fantasiaren haizea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/patrick-rothfuss-fantasiaren-haizea/@@download/image/patrick_rothfus_1371124715.jpg
2011/05/06
erreportajea
Testua: Gari Berasaluze
Patrick Rothfuss: Fantasiaren haizea
Askok oraindik ezagutzen ez badute ere, J.R.R. Tolkienek Eraztunen Jauna idatzi zuenetik, fantasiazko literaturan inoiz idatzi den liburu onenaren egilea da beste askorentzat Patrick Rothfuss estatubatuarra.


Madisonen jaio zen 1973an, eta eguraldiak bihurtu zuen irakurle sutsu. Eurite handiek eta horiek kable bidezko telebista ikusteko sortzen zioten ezintasunak bideratu zuten Rothfuss gaztea liburuetara, eta orrialdeetan barrena ezagutu zituen telebista piztuta zegoenean aurkitzen ez zituen istorioak. Rothfussentzat, beraz, eguraldi ona izan ziren ekaitzaldiak eta eurite handiak, fantasiaz betetako milaka kontu ezagutzeko eta horiek guztiak irudimenean egosten hasteko.

Unibertsitateko lehen urteetan, karrera batetik bestera eta lan batetik bestera ibili zen. Hitzak ere lanabes hartu zituen, eta zutabegile aritu zen unibertsitateko egunkarian. Sasoi hartan, Unibertsitatean bizirik irauteko gida idazten hasi zen, eta laster ekin zion irudimenean zuen fantasiazko mundua ehunka eta ehunka orrialdetan barrena sortzeari, The Song of Flame and Thunder izeneko liburu erraldoia osatuz.

Hainbat argitaletxetara aurkeztu zuen lana, baina ezezkoa jaso zuen guztietan. Orrialde guztiak hiru liburukitan antolatzea eta Erregeen Hiltzailearen Kronika trilogia sortzea erabaki zuen orduan. 2007an argitaratu zuen lehen liburukia, Haizearen izena, eta egundoko arrakasta izan du munduko hainbat herrialdetan eta hizkuntzatan. Milioika ale saldu ditu guztira, eta fantasiazko literaturan inoiz idatzi den liburu onenenetakotzat jo dute kritikak eta irakurleek.

Aurten bertan argitaratu da trilogiaren bigarren liburukia ingelesez, The Wise Man"s Fear, eta hirugarrenak argia ikus dezan oraindik ez dago datarik zehaztuta.

Bibliografia


• The Name of the Wind (2007).
• The Wise Man's Fear (2011).