Patricia Velasquez: Txiroen erregina

Patricia Velasquez: Txiroen erregina https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea

Guajira txiroan jaio zen Patricia Velasquez, familia xume batean. Aita jatorri espainiarreko venezuelarra zuen. Ama, berriz, Wayuu tribuko amerindiarra. Haurra baino ez zela, dantza konpainia batean ibili zen Hego Amerikan barna. Eskola sasoia amaitu ostean, ingeniaritza ikasketak hasi zituen. Unibertsitatean sartu aurretik, ordea, Miss Venezuela lehiaketan parte hartzera bultzatu zuen adiskide min batek. Irabazi ez zuen arren, finalera iritsi zen. Handik gutxira, garaile irten zen nazioarte mailako edertasun lehiaketa entzutetsu batean. Hortaz, modaren munduan lan egiteko eskaintza ugari jaso zuen. Tarte batez ikasketei estu heldu zien arren, maletak hartu eta Milanera jo zuen azkenean; modelo bihurtzeko intentzioz.
Hala, ezustean, 90eko hamarkadako top model hegoamerikar arrakastatsuena bilakatu zen Patricia Velasquez iradokitzailea. Besteak beste, Antonio Berardi, Bella Freud, Corinne Cobson, Claude Montana, Jean Paul Gaultier, Salvatore Ferragamo, Roberto Verino eta Dolce & Gabana diseinatzaile handientzat egin baitzuen lan. Horretaz gain, Elle eta Vogue moda aldizkari famatuen erregina ere izan zen.
Interpretazioaren munduak gehiegi erakartzen ez bazuen ere, duela urte batzuk zinemaren tentazioan erori zen; "Le Jaguar" abentura film frantziarrean rol esanguratsu bat eskaini baitzioten. Harrez geroztik, zinemaren munduan murgildu zen buru-belarri Patricia Velasquez. Ospea eman dion filma, ordea, Stephen Sommers zinemagilearen "The Mummy" atsegina izan da. Heriotzaren erresumatik itzultzen zen Anck-Su-Namun zitalak, hain justu.
Sandra Bernhard aktorearekin maitasun harreman ezkutu bat izan ostean, bere homosexualitatea aitortu zuen Patricia Velasquez ederrak. Hollywoodeko glamour pozoinduan ito ordez, erdietsitako fama ahulenen alde erabili izan du beti. Wayuu Taya fundazioa sortu zuen duela bi urte, bere herriko indigena pobreak babesteko. Hispanoen eskubideen aldeko borrokan ere ari da AEBetan. Aurki Alfonso Arau mexikarraren "Zapata" filmean ikusiko dugu; amets iraultzailea hauspotuz. Konkistatua izan nahi ez zuen herriaren ahotsa berpiztu asmoz.

Nortasun Agiria:

Izena: Patricia Velasquez
Jaioteguna: 1971-1-31
Jaiolekua: Cuajira (Venezuela)
Neska-mutila: Ez du
Musika gustukoena: musika latindarra
Maite du: Justizia
Gorroto du: Dendaz denda erosketetan ibiltzea
Film bat: "The mummy" (Stephen Sommers)
Politikari bat: Hillary Clinton
Liburu bat: "Cien años de soledad" (Gabriel Garcia Marquez)
Bertute bat: Ahulenen aldeko konpromisoa
Akats bat: Oso aiurri txarrekoa da