Patricia Highsmith: "Ene psikopata xarmanta..."

Patricia Highsmith: "Ene psikopata xarmanta..." https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Patricia Highsmith, izan denik eta suspentsezko idazlerik onenetakoa izan zen, eta best-sellerrak batzuetan literatura onarekin bat etor daitezkeela frogatu zuen. Kritikak hasieran izkin egin zion arren, azkenean ez zuen bere maisutasuna onartu beste aukerarik izan. Graham Green-en hitzetan, Patricia Highsmith ez zen beldurraren poeta, errezeloarena baizik: "Beldurraren nekeak eragin narkotikoa du luzarora, baina errezeloak sotiltasunez eta etengabe erasaten ditu gure nerbioak eta sosegu ezarekin bizitzen ikasi beste erremediorik ez zaigu geratzen". Jeneroa gorabehera, Highsmithen liburuak behin baino gehiagotan irakur daitezkeen liburu gutxi horietakoak dira. Mundu propioa sortzen du Highsmithek, itogarria, behin sartuz gero zaila da bere istorioetatik ateratzea, liburua utziz gero arriskua gutaz jabetuko ote den sentipena sortzen digu. Armiarma batek sarean harrapatutako eulien gisan erabiltzen ditu bere pertsonaiak, errukirik gabe.  
Patricia Highsmith Texasen jaio zen 1921ean eta New Yorken bizi izan zen sei urte zituenetik. Hogeita zortzi urterekin argitaratu zuen bere lehen nobela ("Strangers on a train"), Hitchcockek arrakasta handiz zinera eraman zuena. Geroztik, hainbat zuzendarik jarraitu dute Hitchcocken bidea: Win Wenders, René Clement... Mighella izan da azkena, "The talented Mr. Ripley" Gwyneth Paltrow eta Matt Damon protagonista dituen filmaren bidez. Delako Ripley horixe da Highsmithen pertsonaiarik ospetsuena, bere lau nobeletako protagonista. Tom Ripley psikopata erakargarria eta hiltzaile berezia da: estereotipoetatik ihesi, norbere burua ikusten du harengan irakurleak.
Bat baino gehiago dira euskaraz irakur daitezkeen Patricia Highsmithen liburuak: "Poliki, poliki haizetan" izeneko ipuin bilduma desasosegagarria eta Tom Ripley protagonista duten bi eleberri behintzat bai: "Ripleyren jokoa" eta "Ripley trebea".  
Suitzan hil zen Patricia Highsmith 1995ean, berak hainbeste estimatzen zituen katu eta marraskiloz inguratuta. Bizitza lasaia izan zuen orohar berak, eta errutina aspergarria dutenak guztiori konpentsatzeko intrigarik korapilotsuen eta beldurgarrienak asmatzeko gauza direla frogatzen duen adibide horietako bat da bera.