Patri Espinar: "Gustura nago komunikabideen aldetik jasotzen ari garen babesarekin, instituzioen aldetik ordea ezin dut berdina esan".

Patri Espinar: "Gustura nago komunikabideen aldetik jasotzen ari garen babesarekin, instituzioen aldetik ordea ezin dut berdina esan". Patri Espinar da EPE Emakume Pilotarien Elkarte sortu berriko presidentea. Momentuz, 80 pilotari federatu batu ditu, eskuzkoak eta palistak, baina zesta eta beste jokamoldeak ere hartuko ditu. Hain zuzen, GAZTEZULOko ekaineko protagonista dugu Espinar; hona elkarrizketaren zati bat. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/patri-espinar-gustura-nago-komunikabideen-aldetik-jasotzen-ari-garen-babesarekin-instituzioen-aldetik-ordea-ezin-dut-berdina-esan/@@download/image/PATRI_ESPINAR_azala.jpg
2019/07/01
elkarrizketa

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei 

Argazkiak: Galder Izagirre @diapositivisme_studio

Patri Espinar da EPE Emakume Pilotarien Elkarte sortu berriko presidentea. Momentuz, 80 pilotari federatu batu ditu, eskuzkoak eta palistak, baina zesta eta beste jokamoldeak ere hartuko ditu. Hain zuzen, GAZTEZULOko ekaineko protagonista dugu Espinar; hona elkarrizketaren zati bat.
Patri Espinar: "Gustura nago komunikabideen aldetik jasotzen ari garen babesarekin, instituzioen aldetik ordea ezin dut berdina esan".

Patri Espinar (Usansolo, 1985) pilotariak energia andana helarazten du. Ezin bestela, pazientzia, indarra eta sufritzeko ahalmena hobetzea beste erremediorik ez baitzaio gelditu jasan behar izan dituen trabak gainditu eta dagoen tokira iristeko. Bere ibilbidea errepasatuz, ohartuko zara, mugak aurreiritzietan daudela eta ez emakumeon gaitasunetan. Munduko txapelduna bidean aurkitzen dituen oztopoAk birrintzen jarraitzeko prest dago oraindik ere, atzetik datozen emakumezko pilotariek erosoago egin dezaten aurrera.

Nondik datorkizu esku pilotarako grina?

Umetatik eduki dut grina. Ni Usansolokoa naiz, herri txiki bat da eta eskolan beste umeekin pilotan jolasten nuen, garai haietan zaletu nintzen.

Izan duzu eredurik?

Usansolon pilota eskola bat zegoelako animatu nintzen probatzera. Eredu herriko pilotari nagusiak izan ditut eskuzko profesionalekin batera. Denak gizonezkoak. Garai horretan ez nuen emakume pilotaririk ezagutzen. 

Gogorra izan zen emakume bakarra izatea? 

Nik naturaltasunez bizi nuen, herri txikia denez, denok ezagutzen genuen elkar eta ume guztiok elkarrekin jolasten genuen, neska zein mutil, nahasturik. Herrian beraz, ez nuen inongo arazorik. Kanpora jolastera joaten nintzenean ordea, nabaritzen nuen zerbait ezberdina zela, neskak ez baitziren esku pilotan aritzen eta harrituta gelditzen ziren.

Palan ere jokatu izan duzu baina berriz ere, eskuzko modalitatera pasatzea erabaki zenuen, zergatik? 

Ni hasi eskuz hasi nintzen eta 10-17 urte bitartean ibili nintzen. 17 urterekin utzi behar izan nuen, penatuta, ezin nuelako pilota gogorrarekin. Zazpi urte inguruz ibili nintzen palan eta azken 2-3 urteak daramatzat berriz ere eskuz jokatzen. Oso gustura nago, eskuzko jokamoldea baita gehien gustatzen zaidana. 

 

Donostian bizi zara, baina entzun dudanez hiritik kanpora joan behar izaten duzu entrenatzera. Zer dela eta?

Kontua da orain dela urte eta erdi inguru klub bat sortu nuela, hain zuzen, emakumeen esku pilota berria delako eta ez zegoelako honen inguruko elkarte bat. Esku pilotako emakumeen kluba sortu nuenean ordea, Kirol Patronatuak esan zidan helbide bat eduki behar zuela eta nik garai hartan bizi nintzen tokiko helbidea jarri nuen, Hernanikoa. Kontua da, klubean dauden partaide gehienak donostiarrak direla eta elkartearen helbidea Donostian ez zegoenez atzera bota zidatela proposamena. Helburua ordea, ez zen Donostiako elkarte bat sortzea baizik eta Gipuzkoa osoko emakume pilotariei erantzuna emango ziena. Horrez gain, esan ziguten eskaera berandu egin genuela eta bi arrazoi horiengatik ez zigutela frontoia utziko. Epez kanpo egin genuen eskabidea bai, baina pentsatzen genuelako, aurreko urtean bezala, Añorgako frontoia utziko zigutela. Arazoa da eskatzera joan ginenean ezetza eman zigutela eta ezezko hori berandu iritsi zela. Ondorioz, Donostian eskaera berandu egin genuen. Ni ziur nago gizonezko pilotari profesionalek egin izan balute eskaera utziko zitzaiela. Egun, frontoia nahi badugu entrenamendu bakoitza ordaindu behar dugu, baita argia ere eta kirol txartela atera. Horren ondorioz, entrenatzeko frontoiz frontoi ibili behar izaten dugu. Adibidez, aurreko batean Antiguora joan ginen eta okupatua zegoen mutilak ari zirelako bertan. Gainera baldintza oso kaskarretan entrenatu behar izaten dugu, frontoi gehienak irekiak direlako eta neguan busti egiten direlako hezetasunagatik edo hostoz bete. Txirristatuta kolpe ugari hartzen ditugu, horrek dakarren arriskuarekin. Lotsagarria da. Munduko Txapelduna naiz eta baita binakakoa ere, halere kalitatezko entrenamenduak egin beharrean frontoiren bat libre ote dagoen begira ibili behar izaten dut eta erortzeko beldurrez. 

 

"Lotsagarria da. Munduko Txapelduna naiz eta baita binakakoa ere, halere kalitatezko entrenamenduak egin beharrean frontoiren bat libre ote dagoen begira ibili behar izaten dut eta erortzeko beldurrez". 

Pilotari bezala zein da eskuratzea gustatuko litzaizukeen lorpena?

Gaur egun erretiratuko banintz pozik erretiratuko nintzateke. Halere, gustatuko litzaidake Emakume Master Cup txapelketako binakakoa irabaztea eta Front Ball modalitatea probatzea. One Wall-aren antzekoa da, frontoi txiki batean jokatzen da eta horma bakarra dago, baina One Wall modalitateak ez bezala txapa bat du. Ezin izan dut inoiz probatu nazioarteko federazioen arteko arazo politikoengatik. Euskal Herriko selekzioarekin joaten garenok One Wall-era jokatzen dugu eta Espainiako selekzioarekin doazenak aldiz Front Ball-era. Alta, nik biziko ez dudan arren, gehien gustatuko litzaidakeena emakume pilotariak profesionalak izatera iristea da.

Kirol munduan zailtasunik aurkitu al duzu emakume izateagatik?

Askotan. Lehen adibidez, ez zizkiguten txapelketak prestatzen neskarik ez zegoela esaten zutelako. Frogatu genuen hori ez dela horrela, baina emakumezkoen pala bultzatzen jarraitzen zuten. Egun behintzat badaude txapelketak, baina oraindik traba asko daude. Gizonei emakumezkooi baino sari handiagoak ematen zaizkie. Hobeto saltzen dituzte gizonezkoen txapelketak, emakumezkoei inoiz ez digute behar adinako garrantzia ematen. Lehen ez ginen komunikabideetan ateratzen eta publikoa ez zen partiduetara hurbiltzen ez gintuztelako ezagutzen. Halere, egia da azken hiru urteetan egoera hau aldatu dela. Hasi gara komunikabideetan ateratzen. Haatik, oraindik txapelketa batzuk enpresa pribatuek antolatzen dituztenez, beraien baldintzak jartzen dituzte eta beste behin, pilotariak ateratzen gara kaltetuak. Adibidez, Bizkaiko Txapelketako finalean alfonbra gorri bat jarri zuten kontrakantxan. Guretzat oso arriskutsua zen eta pilotari batek baino gehiagok min hartu zuen bota zenean. Horrelakorik mutilei ez zaie gertatzen. Oso ohikoa da kamiseta estuegiak ematea ere, edota jokatzeko pilota egokiak ez jartzea.

Zer eman eta kendu dizu pilotak?

Autoezagutza handiagoa dut kirolagatik, pertsona hobea izaten lagundu dit, sakrifikatzeko grina puztuz sufritzen erakutsi dit. Pilotak batez ere, irakatsi dit azken tantora arte borrokatu behar dela, ezin dela inoiz amore eman, nire buruarengan sinistuz gauza asko lortu ditzakedala. Pilotak kendu, kirolari guztiei bezala, osasuna kendu dit lesio ugarirengatik. Baina gogorrena bakardadea sentitzea izan da. Zorionez ez da gaur egungo kasua, baina azkeneko hiru urteak kenduta, esku pilotaren munduan bakarrik sentitu naiz. Sentitu izan dut ezberdina nintzela nik bakarrik jokatzen nuelako esku pilotan. Sentitu dut emakumeetan nik bakarrik maite nuela pilota modu honetan eta noski, beti korrontearen aurka borrokatu beharra oso nekagarria da. Sufrimendua ekarri izan dit, maite nuelako gauza bat ez zena ezaguna eta sentitzen nuen ez nuela horretan jarraitzerik.

 

"Sentitu izan dut ezberdina nintzela nik bakarrik jokatzen nuelako esku pilotan. Sentitu dut emakumeetan nik bakarrik maite nuela pilota modu honetan eta noski, beti korrontearen aurka borrokatu beharra oso nekagarria da".

Bakardade momentu horietan eduki duzu inoiz tentaziorik dena uzteko?

Askotan, pilotak asko betetzen banau ere ez delako erraza. 17 urterekin adibidez utzia nuen esku pilota.

Oso gazte...

Ez pentsa, normalean nesketan lehenago uzten dute. Ez dut ezagutu neskarik ni bezala pilota gogorrarekin ibili eta jubeniletan erretiratu denik. Normalean infantiletan edo kadetetan abandonatzen dute. 

Ardura handia al da emakumezko pilotaren ikur izatea?

Behar bat bezala sentitzen dut. Pilota alde batera utzita nuenean ere, sentitzen nuen erreferente bat nintzela, gehien iraun duen neska pilotaria. Beraz, naiz eta sentitu ez zela bueltatzeko momentua, tartean bizkarreko lesioa neukalako, aldi berean sentitzen nuen kirol hau aurrera eramateko erreferenteak behar zirela. Erabaki nuen esfortzu bat egitea, urte batzuetan behintzat erreferente izateko, eredu gehiago sortu arte. Ez dut uste urte askoz gehiagotan jarraituko dudanik baina oraingoz hemen nago. Aitortu behar da, emaitza onak lortzen ari zarenean eta pilotak hainbeste eman dizunean, zaila dela uztea.

Emakumezkoen futbolak San Mamesera ia 50.000 pertsona erakartzea lortu zuen. Ikusiko al dugu inoiz Bizkaia frontoia topera emakumezkoen partidaren batean? 

Jada Eibarko Astelehena beteta ikusi dugu, sekulako ilarekin kanpoan, Azkoitia ere bete genuen, Zornotzako frontoia... pilotaleku asko bete ditugu jada Emakume Master Cup txapelketarekin. Pilotazale asko eta asko kabitzen dira Bizkaia frontoian, baina besteak bete baldin baditugu, zergatik ez? 

Komunikabideetan gizonezkoen kirola izan ohi da nagusi, iruditzen zaizu merezi duzuen arreta jasotzen ari zaretela?

Gustura nago komunikabideen aldetik jasotzen ari garen babesarekin, instituzioen aldetik ordea ezin dut berdina esan. One Wall modalitatean munduko txapelduna izan nintzen banaka, binaka eta jokalari onenaren saria eskuratuz. Mundialetik bueltan goi errendimenduko kirolari izateko eskaera orria bete nuen bi diru laguntza eskatuz (Eusko Jaurlaritzarena eta Kirolgirena) eta sekulako kolpea izan zen ez zizkidatenean eman. Munduko txapelduna izan nintzelako Open guztietara gonbidatzen naute baina ezin izaten dut joan. Londresekora joan nintzen gastu guztiak nik ordainduta eta irabazi egin nuen. Baina ezin dut horrelako ekitaldi bakoitzean 500 eurotik gora xahutu diru laguntzarik eduki gabe.

Zein da oro har, zuen partiduetara hurbiltzen den publikoa?

Duela hamar urte gure senide eta lagunak hurbiltzen ziren soilik. Egun edozein hurbildu daiteke eta ume pila ikusten da frontoian. Oso pozgarria da. Gu jada umeentzako eredu gara, lehen eredu denak gizonezkoak ziren, orain emakumezko kirolariak ere badaude zerrenda horretan. Familia asko hurbiltzen dira eta oro har, pilota maite duen jendea gerturatzen da. 

 

"Gutxietsiak sentitzen gara, askotan lan berdina edo bikoitza egiten baitugu emakumeok eta gainera lehen aipatutako baldintza eskasetan entrenatuz".

Zein izan da pilotari bezala jasan duzun egoerarik desatseginena? 

Egoera askotan sentitu naiz gutxietsia. Adibidez, Bizkaia frontoia eraiki zenean prentsaurreko bat antolatu zuen Bizkaiko Federazioak eta Bizkaiko pilotari erreferente ezberdinak gonbidatu gintuzten. Bertan egon nintzen emakumezkoen ordezkari bezala nire babesa ematen. Behin frontoia inauguratu ondoren, frontoiaren inguruetan Pilota Girls izeneko film labur bat grabatzen ari ginen. Bizkaia frontoiaren kanpoaldean bukatzen zen filma. Bertan nengoela aprobetxatuz, eta oraindik frontoia barrutik ikusia ez nuenez, begirada bat botatzera sartu nahi izan nuen. Egun horretan gizonezkoen final bat jokatzen zen eta ez zidaten sartzen utzi. Beti egon naiz prest Bizkaiko Federazioari laguntzeko, baina gero, ezin izan nuen frontoia unetxo batez ere ikusi! Gauza txikiak dira baina oso itsusiak. Gutxietsiak sentitzen gara, askotan lan berdina edo bikoitza egiten baitugu emakumeok eta gainera lehen aipatutako baldintza eskasetan entrenatuz. Beste adibide bat: Guk final bat jokatzen genuen egun berdinean, gizonezkoen finala jokatzen zen frontoi berean. Guk goizez, beraiek arratsaldez. Finala jokatu eta sariak eman ondoren galdetu genuen ea arratsaldeko finala ikusteko guretzat sarrerarik ba ote zegoen eta ezezko borobila jaso genuen. Horrelako detaileak desatseginak dira. Eskerrak hori lortutako lorpen eta txapelek konpentsatzen duten, une atsegin asko utziz. 

Nolako maila dago emakumeen artean? 

Hiru urtetan sekulako gorakada nabaritua da. Bai infantil, kadete eta jubenil mailetan teknikoki oso pilotari trebeak datoz. 

Zer esango zenieke pilotari izatea gustatuko litzaiekeen emakumezkoei?

Gustukoa baldin badute probatu eta jokatzeko. Beraiek bakarrik gustukoa izan arren eta ondorioz bakarrik sentitu, esango nieke badaudela horretan dabiltza neska gehiago. Honetan jarraitu nahiko balute, jokatzeko leku bat bilatzeko ere esango nieke, federaziora deituz edo Plaza Emakumeak kirol klubarekin harremanetan jarriz. Laguntzeko gaude. 




ELKARRIZKETA OSORIK IRAKURRI NAHI?

EROSI EKAINEKO ZENBAKIA GAZTEZULO DENDAN

EDO

ONLINE IRAKURRI HARPIDETZAREKIN!