Pasaiako Itsas Festibala abian da

Pasaiako Itsas Festibala abian da Itsasontzietara bisitak, erakusketak, musika emanaldiak, batelen estropada, eta beste hainbat ekintza izango dira igandera bitarte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/pasaiako-itsas-festibala-abian-da/@@download/image/pasaia.png
2022/05/27

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Itsasontzietara bisitak, erakusketak, musika emanaldiak, batelen estropada, eta beste hainbat ekintza izango dira igandera bitarte.
Pasaiako Itsas Festibala abian da

Festibalaren aurreko jarduera batzuk egin zituzten maiatzaren 18tik aurrera, eta atzo eman zioten hasiera jaialdiari. Itsas ondareari, kulturari, musikari, dantzari eta gastronomiari lotutako askotariko jarduerak izango dira, bai lehorrean, Pasaiako lau barrutietan (Donibane, San Pedro, Antxo eta Trintxerpe), eta bai uretan. 

Marité, La Recouvrance, Shtandart, Oosterschelde, Scylla, Mater, Ring Andersen edota Atyla itsasontzi handiak izango dira jaialdian, eta badian etengabe nabigatuko duten beste 160 itsasontzi ere izango dira. Bihar batelen estropada mistoa egingo dute, eta Shtandart ontziaren barruan kulturartekotasuna, errefuxiatuak eta migranteen gaia jorratzen duten bi ekintza berezi antolatu dituzte.

Musika emanaldiei dagokienez, Deñe, Mugan eta Fetén Feténen kontzertuak izango dira gaur Donibanen, eta Kyxo, Lamiak eta Liher Trintxerpen. Bihar, berriz, Rumbling Libs, Arima Soul eta Fundación Tony Manero talde katalana arituko dira Antxon. 

Bestelako jardueren artean erakusketak, artisau-merkatua, lanbide tradizionalen zuzeneko erakustaldiak, astronomia tailerra, zein tamaina handiko itsasontzietarako bisitak izango dira. Egitarau osoa hemen dago kontsultagai.

Sarrerak eta garraioa
Ekitaldi gehienak doakoak dira baina zenbaitetan edukiera mugatua izango denez, sarrera eskuratu beharko da. Salmentaren bidez bildutako dirua Itsas Salbamendu Humanitarioa eta Zaporeak GKEentzat izango da. 

Bestetik, mugikortasun iraunkorreko neurriak sustatze aldera, garraio publikoan bakarrik sartu ahal izango da jaialdira, autobusez zein Euskotren edo Aldiriko zerbitzuetan. Hala, Ficobako aparkalekua doan jarriko da Irunen, Euskotrenekin ondo konektatuta, Pasaiara zuzenean iristeko. Festibalaren barne-loturak, berriz, Pasai Antxo eta Trintxerpe lotzen dituen autobusaren, Trintxerpe eta San Pedro ibilbidea egingo duen Txu-txu trenaren edo badia uretatik lotuko duen itsasontzi zerbitzuaren bidez egin ahal izango dira. Azken hori lau motora zerbitzuen bidez egingo da, Trintxerpetik Donibanera (Bizkaia plaza) eta Pasai San Pedrotik Donibaneko moilara.