Pasahitz txarrenak

Pasahitz txarrenak Arren, '123456' erabiltzeari utzi! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/pasahitz-txarrenak/@@download/image/Crawl_Password_Protected_Website.jpg
2019/04/23
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Arren, '123456' erabiltzeari utzi!
Pasahitz txarrenak

Segurua ote da erabiltzen duzun pasahitza? Ziur aski, uste duzuna baino erabiliagoa da. 123456 da munduko pasahitz txarrena; eta zurea 123456789 bada, bigarren postua eskuratu berri duzu.

Bi pasahitz horiek NCSC Erresuma Batuko gobernuaren zerrendan agertu dira, beste 100 milarekin batera. Zerrenda beltz horretan agertzen diren pasahitz guztiak erasoak jasan dituzte, eta beraz, ez dira erabili behar. Besteak beste, hauek dira zerrendako lehen hamarrak: 

  1. 123456
  2. 123456789
  3. qwerty
  4. password
  5. 111111
  6. 12345678
  7. abc123
  8. 1234567
  9. password1
  10. 12345

Eta zergatik ote da qwerty hirugarrena? Esanahi berezia ote du? Ez da hieroglifiko bat; ordenagailuko teklatua begiratzen baduzue, ordenean agertzen diren lehen sei letrak dira, besterik ez! Zerrenda beltzeko gainontzeko pasahitzak ezagutu nahi badituzue, egin klik hemen. Eta gogoratu; zuen pasahitza bertan topatzen baduzue, ezabatu azkar baino lehen!

Badira zerrendan agertzen ez diren bestelako pasahitz arriskutsuak, esate baterako, enpresek erabili ohi dituztenak. Oso ohikoa dira enpresaren izena+langilearen abizena eta antzeko konbinazioak, baina ez dira batere gomendagarriak. Bestalde, badakigu ez dela erraza eskatzen diguten bakoitzeko pasahitz ezberdin bat erabiltzea, baina pasahitz bera birziklatzea oso arriskutsua da. Gure gomendioa? Zure pasahitzari elementu berriak gehitzea; hala, antzekoa izaten jarraituko du, baina ez guztiz berdina! Jarraian, beste gomendio batzuk:

- Ez erabili pasahitz bera inoiz, eta oraindik gutxiago banku kontuetan.

- Gorde pasahitzak leku seguru batean.

- Pasahitz seguru bat sortzeko modu eraginkorrena elkarren artean zer ikusirik ez duten 3 hitz aleatorio batzea da, adibidez: "Giltzaurasagarra".

- Ez erabili sekula zurekin lotura duten hitzak, hala nola: izena, abizenak, adina, gustuak...