Parranda Fashion

Parranda Fashion https://www.gaztezulo.eus/albisteak/parranda-fashion/@@download/image/64p29-1.jpg
2006/06/02
erreportajea
Lander Garro
Fauna berezia dabil festetan, norbere look propioarekin

1 Niri bost estiloa. 15-20 urte bitarteko gazteen artean ohikoa da. Urtean zehar zazpi tonako zapatak eramaten dituzte, kanpaidun galtzak estalita. Galtzak, zoruan igurtzeko moduko luzeeran moztuta eramaten dituzte, eta, beraz, galtza zapaldu egiten dute, urratu arte. Euria egiten duenean galtza belaunetaraino bustita eramaten dute, eta lokaztuta. Festetan, kanpotik ikusita, modeloak ez dirudi bereziki erosoa, ohiko lokatzari, alkohola gehitu behar zaiolako. Baina gazte trebeei berdin zaie. Berdin zaie festak izatea, berdin zaie galtzak bustitzea. Garrantzitsuena moda da.

2
Niri bost estiloa (II). 40-90 urte bitarteko gazteen artean ohikoa da. Festak izan arren, igandea balitz bezala ateratzen dira kalera. Tonbolan eurotxo batzuk gastatu ondoren, camp dantzaldian gerriak mugituko dituzte. Etxerako bidean, gazteen jarrera deitoratuko dute: "Ez dakite edateaz aparte ezer egiten".

3
Tipical euskal festa estiloa. Zapi gorria, elastiko zuria, eta galtzak belaunetaraino tolestuta. Buruan, Keler txanoa.

4
Tipical euskal festa estiloa (konprometitua).
Aurreko estiloaren ezaugarriak ditu, baina bi berezitasunekin: batetik elastiko zurian lelo politikoren bat eramaten du, eta, bestetik, Keler-en txanoaren ordez, Herri Urratsekoa eramaten du, duela 15 bat urtekoa. Elastikoaren gainean, pegatinaren bat, noski.

5
Tipical euskal festa estiloa (konprometitu despistatua).
Aurreko bi estiloen ezaugarriak ditu, baina nahasita. Okasiorako konprometitu da, eta ez daki oso ondo haizea nondik dabilen. Gerriari lotuta ikurrina eramango du, ez dadin dudarik egon bere euskaltasunaz.

6
Tipical euskal festa estiloa (sasi-konprometitua).
Konprometituaren ezaugarriak ditu sasi-konprometituak, baina, gerturatu orduko, ezberdintasunaz jabetuko gara. Elastikoan toki turistikoren baten marrazkia edukiko du, eta pegatinan bestelako leloak: "Betiko alardea bai", eta abar. Salbuespenak salbuespen, korearren bati erositako lepoko fluoreszentea jantziko du, edota betaurrekoren bat. Umorea ez da galdu behar.

7
Estilo bakarra.
Lo egin gabe festa guztiak pasatzen duenik bada (gero eta gutxiago). Horietan, bateren batek, lo ez egiteaz gain, ez du arropa aldatzeko ahaleginik egiten. Sekulako paparrekin ibiltzen da hankabiko hau, baina ez du sekula amore ematen. Azkenerako, elastikoan (ustez) zegoen marrazkia ez da ikusten. Kelerren txanoa mexikar batengatik aldatuko du, hori bai.

8
Oso jatorrak gara estiloa.
Estilo hau da guztietan originalena, eta landuena. Koadrilek eramaten dute. Festak baino lehen, mendian txangoa egin zuten, eta argazkia atera. Koadrilako kideetako batek trebezia berezia du teknologia kontuetarako, eta denda batean argazkia estanpatu du, elastiko batean. Gero koadrilakoei saldu die, eta operazioarekin 10 edo 15 euroko irabazia atera du (sekretuan). Festetan guztiek elastiko bera eramaten dute, eta txantxazaleak dira. Neska ederrenak ere beraiek eramaten dituzte. Poteak ateratzerakoan erregateatzen saiatzen dira. Tabernariek sekulako gorrotoa diete, baina berdin zaie.