Pantonek "Hilekoa" kolorea sortu du

Pantonek urteko kolorea aurkezten du urtero, baina oraingoan, bigarren kolore bat aurkeztu du: "Hilekoa". Gorri koloreko Pantone berri honek, izenak dioen moduan, hilekoa sinbolizatzen du, eta Intima osasun arretaren enpresa suediarrarekin elkarlanean kaleratu dute. Helburua? Hilekoaren inguruko estigmei aurre egitea.
Hilekoa ez da lotsatu edota ezkutuan gordetzeko sekretu ilun eta zikin bat, urte gehiegitan hala bizi izan den arren. Azken urteetan hilekoa normalizatzeko lan mardula egin den arren, oraindik ere munduko emakume eta neska askok ez dute modu positiboan bizi.
Hain zuzen, Intima enpresak Instagramen salatu duenez, oraindik ere konpresa eta tanpoi iragarki gehienek hilekoa urdinez erakusten dute, odola tabua izango balitz bezala. Hortik jaio da Pantonerekin egindako elkarlana; hilekoa gorria da, odolaren kolorekoa zehazki, eta hala erakutsi beharko litzateke merezi duen normaltasunez bizitzeko.