Pantailak Euskaraz ekimenak 'Pantailaldia' antolatu du, astebetez euskarazko ikus-entzunezkoak sustatzeko ariketa kolektiboa

Pantailak Euskaraz ekimenak 'Pantailaldia' antolatu du, astebetez euskarazko ikus-entzunezkoak sustatzeko ariketa kolektiboa Euskarazko ikus-entzunezkoak kontsumitu eta sortuko dituzte izena ematen duten parte-hartzaileek. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/pantailak-euskaraz-ekimenak-pantailaldia-antolatu-du-astebetez-euskarazko-ikus-entzunezkoak-sustatzeko-ariketa-kolektiboa/@@download/image/pantailaldia.png
2022/10/27

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Euskarazko ikus-entzunezkoak kontsumitu eta sortuko dituzte izena ematen duten parte-hartzaileek.
Pantailak Euskaraz ekimenak 'Pantailaldia' antolatu du, astebetez euskarazko ikus-entzunezkoak sustatzeko ariketa kolektiboa

Pantailak Euskaraz euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko herri ekimenak Pantailaldia egitasmoa jarriko du martxan azaroaren 11tik 18ra, Euskaraldiaren atarian, "haren sinergiak aprobetxatuz". Herritarrak aktibatzea, euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa areagotzea eta erakundeak arlo honetan mugiaraztea izango dira ariketaren helburuak. Astebetez ikus-entzunezkoak euskaraz soilik kontsumitzeko eta sortzeko eskatuko dute. 

Ariketa kolektibo honen bidez, telebistan, zineman, 'streaming' plataformetan, Youtuben edota bideojokoetan dauden euskarazko kateak, baliabideak, euskal sortzaileen lanak zein euskaratutako edukiak kontsumitzeko ohitura zabaldu nahi du.  "Pantailetan kontsumitzen dugunak hizkuntza ohituretan eragin zuzena du, eta, beraz, herritarrak euskarazko kateak eta edukiak hautatzera bultzatu nahi ditu", azaldu dute.

Era berean, horretarako dauden zailtasunak eta mugak ere agerian jarri nahi dituzte, "pantailen munduan euskarak duen presentzia oso baxua" dela eta: "Astebetez euskarazko ikus-entzunezkoak soilik kontsumitzeko (eta sortzeko) ariketa eginez, herritarrek honetarako dituzten zailtasunen kontzientzia hartzea eta erakundeen aldetik euskararen presentzia eta erabilera ikus-entzunezkoetan biderkatzeko neurri berriak beharrezkoak direla azaleratzea du helburu". 

Ekimenean parte hartu nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena,  Pantailak Euskaraz taldearen webgunean dagoen  formularioa beteta. Ikus-entzunezkoak euskaraz kontsumitzean edo sortzean izandako bizipenak eta zailtasunak sare sozialetan partekatzeko eskatuko diete parte-hartzaileei, #Pantailaldia traola erabilita. Horrez gain, profiletan Pantailaldiko logoa jartzeko eskaera ere egin dute. 

Aste horretan bestelako ekintzak egingo dituztela ere iragarri dute. Azaroaren 13an, esaterako, "euskaldunok zinema aretoetan bizi dugun diskriminazioa salatzeko" protesta egingo dute.