Pantaila txikiaren handitasuna

Pantaila txikiaren handitasuna https://www.gaztezulo.eus/albisteak/pantaila-txikiaren-handitasuna/@@download/image/20111067087tele_1361232612.jpg
2011/10/07
erreportajea
Bai, telesailak hor izan dira telebista bera asmatu zenetik, baina orain arte "kutxa ergela" zena "kutxa inteligentea" bihurtu dela dirudi.

Horri gehitu internetek eskaintzen dituen baliabideak; azken aldiko kultuzko fenomeno soziologiko globalik azpimarragarriena da emaitza: telesailak. Iaz The New York Times egunkariak plazaratu zuen gogoetarako galdera: “Are Films Bad, or is TV Just Better

Erantzunaren bila, badira kontuan hartu beharreko bi aspektu. Alde batetik, The Soprano's, Lost edota The Wire gisako telesailek erakutsi dute zinean lekurik ez duten unibertso konplexuak garatzeko narrazio moldeak eskaintzen dituela telesailak. Ez al da esanguratsua pantaila handiko zuzendari laudatuek telebista ekoizpenetara jauzi egin izana? Spielberg (The Pacific edo Terra Nova), Scorsese (Boardwalk Empire), Winterbottom (The Trip), Neil Jordan (The Borgias) edo Todd Haynes (Mildred Pierce).

Bestalde, Hollywoodeko ekoiztetxeen talentu lehortea ikusita, ekoizleek telesail arrakastatsuetara jo dute. Bide honetan, argigarria da David Fincherrek The Social Network (2010) sarituaren gidoia idazteko Aaron Sorkin The West Wing zorrotzaren sortzailea kontratatu izana. Edota Alias, Lost eta Fringe kultuzko telesailen sortzaile J. J. Abrams izatea Mission Impossible edota Star Trek pantaila handian biziberritzeko aukeratua.

Hala, HBO, NBC edota ABC bezalako telebista kateek XX. mende amaiera aldera hasitako bidetik etorri da zinema itzalean utzi duen telesailen urrezko aroa. Orain, AMC edota FOX kateak ere molde berrien festara batu dira. Aipatutako The Soprano's, The West Wing, Lost eta The Wire maisulanek oinarriak ezarri zituzten. Erreferente horiek berrinterpretatzera datoz ondorengoak.

MAD MEN (AMC)



Ziurrenik, inoiz ikusi den telesailik estilizatuena. Manhattango Sterling & Cooper publizitate agentziako langileen nondik norakoak ditu ardatz, Don Draper galaia buru dutela. 60ko hamarkadako gizarte perfektuaren isla dira pertsonaiak, baina itxurakeriaren atzean, kontraesanez, konplexuz eta desleialtasunez betetako gizartea azaleratuko da. Bosgarren denboraldia 2012ko martxoan aireratuko da, beraz, aurreko laurak patxadaz disfrutatzeko denbora dago.

BOARDWALK EMPIRE (HBO)



The Soprano's gorenaren oinordekoa. Lehenengo atalak 18 milioi dolarreko aurrekontua du, telebistaren historiako garestiena. Steve Buscemi (Fargo, 1996) bikainak antzezten duen Enoch "Nucky" Thompson politikaria da protagonista, 20ko hamarkadan Atlantic City kontrolpean duen mafiosoa. Scorseserengan ohikoak diren anbiguotasun morala eta indarkeria gordina ezinhobeto uztartzen ditu, eta The Wire konplexuaren antzera, garaiko AEBen argazki poliedriko zehatza egiten du. Bigarren denboraldia 

TERRA NOVA (FOX)



2149 urtean, Lur planeta desagertzear da eta gizateria salbatze aldera, denboran 85 milioi urte atzera bidaiatzea ahalbidetzen duen makina asmatuko dute. Noski, gizakia ez da bizidun bakarra izango. Spielbergen proiektu berriak begibistako bi ardatz nagusi ditu. Batetik, James Cameronek Avatar (2009) berritzailean erakutsitako mundua. Eta bestetik, Jurassic Park frankizian ezagututako dinosauro haragijaleak. Irailaren 26an estreinatu berri da.

MILDRED PIERCE (HBO)



James M. Cain idazlearen Mildred Pierce eleberria hartu eta AEBetako zine independentearen zuzendaririk laudatuenetakoak, Todd Haynesek, bost ataleko minitelesaila egin du. Depresio Handiaren ostean, 30eko hamarkadan, Mildredek senarra etxetik bota eta negozio propioa irekiko du, bi alabak hezi bitartean. Kate Winslet zoragarria du protagonista. Arratsalde batean gozatzeko modukoa.

GAME OF THRONES (HBO)



Westeros izeneko kontinentean kokatzen da istorioa eta Zazpi Erreinuak gobernatzen dituen Burdinazko Tronua eskuratzeko leinu ezberdinek dituzten borrokak ditu ardatz. Estilistikoki The Lord of the Rings trilogia filmikoarekin eta The Borgias telesailarekin alderatua izan da, baina tramak gehiago zor dio The Wire edo The West Wing bezalako telesail politikoei. Bigarren denboraldia 2012ko apiriliean aireratuko da.