'Panpina' antzezlanaren bi emanaldi izango dira datorren astean Gipuzkoan

Erika Olaizola aktoreak gorpuzten du Panpina antzezlaneko protagonista den Erika Roibos aktore ospetsua. Roibosek bere publiko guztia gonbidatu du antzokira denen aurrean egia esateko. Gai sakonak ageri dira antzezlan honetan, umore eta performance fisikoaz lagunduta. Ikusleari hausnarrazteko hainbat ideia proposatzen zaizkio ikuskizunean: noiz bihurtzen den norbera panpin, noiz behar dugun besteen begirada, besteen begiradak egiten ote gaituen panpin, zertarako gauden prest besteek gu maita gaitzaten...
Erika Olaizola aktorearen bulkadaz sortutako antzezlana da Panpina, eta Oier Guillan, Leire Arenas, Idoia Beratarbide eta Javier Barandiaran izan zituen lagun sortze prozesuan. Funtsean Olaizolarengandik abiatutako lana bada ere, Amancay Gaztañaga eta Miren Gaztañagarekin batera osatzen duen Kamikaze kolektiboaren baitan kokatu du.
Ekainaren 18an, ostirala, Donostiako Tabakalerako 4.solairuan dagoen Kutxa Kultur Terrazan eskainiko du antzezlana Olaizolak. Arratsaldeko zazpietan izango da eta aforoa mugatua da. Euria egiten badu ekitaldia barruan egingo dela jakinarazi dute antolatzaileek. Sarrerak online daude salgai 3 euroan eta, sarrerarik geratzen bada, Tabakalerako lehiatilan bertan erosi ahalko dira antzezlana hasi baino ordutebete lehenago, 5 euroan. Anoetan ere eskainiko dute antzezlana ekainaren 20an, 18:00etan, Mikelasagasti auditorioan. Gonbidapenak liburutegian daude eskuragarri. Oraingoz azken bi emanaldiak izango direla iragarri dute.
Antzezlanetik liburura
Iaz antzezlanaren izen bereko liburua kaleratu zuten Erika Olaizolak eta Kamikaze Kolektiboak Susa argitaletxearen bidez. Bertan Panpina antzezlaneko edukiez gain, Erika Olaizolak berak sormen prozesuari buruz idatzitako gogoetak topatuko ditu irakurleak. Horretaz gain, Olaizolak bidaide izan dituen lagunen idatziak ere jaso dituzte liburuan, “panpina” kontzeptua buruan hartuta. Lagun horiek ezagunak ditugu, gainera, kultur munduan, hala nola, Ainara Ortega, Eneko Sagardoy, Itziar Ituño, Izaro Andres, Koldo Almandoz eta Miren Amuriza.